"Urte askotako konpromisoa" aitortuz, herriko 49 odol emaile omendu dituzte

Ane Olaizola 2025eko abenduaren 13a

Aitortza jaso duten odol emaileak eta udal ordezkariak, atzo, Elkargunean. (Ane Olaizola)

Herriko odol emaileak aitortzeko ekitaldia egin zuen Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak atzo iluntzean Elkargunean. Ateraldi baten faltan, aurten, denera, 1.545 odol eta plasma poltsa eman dituzte emaileek; "pozik egoteko moduko emaitzak dira", esan du elkarteak. Astelehenean izango da urteko azken odol ateraldi saioa. 

Urtearen hondarrean, herriko odol emaileak aitortzeko ekitaldia egin zuen Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak atzo iluntzean Elkargunean, eta 49 odol emaile omendu zituzten guztira. Luis Arregi Izpizu Azkoitiko Odol Emaileen Elkartearen arduradunak eta Ana Azkoitia alkateak gidatu zuten ekitaldia, eta zorion eta esker mezuak zabaldu zituzten haiek hainbatetan elkartasun keinu hori egin dutenentzat. "Ekintzetan ikusten da jendea nolakoa den, eta eskuzabaltasuna besteei eskaintzen zaien denboran ikusten da; zuen denboran", esan zuen alkateak.  

Eskuzabaltasuna odol poltsetan ere neur daitekeela erakutsi zuten atzokoan: aurten, denera, hamazazpi odol ateraldi egingo ditu Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteak, eta ateraldi baten faltan, 1.545 odol eta plasma poltsa eman dituzte emaileek; ateraldi bakoitzeko, 97-98 poltsa. "Pozik egoteko moduko emaitzak dira", adierazi zuen Izpizuk. Haren arabera, udalaren baliabideei esker egin dituzte ateraldi horiek guztiak, eta "urte ona" izan da orokorrean: "Azken ateraldi bat falta zaigu, eta ondo joaten bada, azken urteetako antzera edo aurrekoetan baino hobeto ibiliko gara". 

Gaur-gaurkoz, elkarteak 851 odol emaile ditu, eta horietatik 53 aurten batutakoak dira. 25 aldiz baino gehiago odola eman duten 49 pertsona omendu zituzten atzokoan, eta horiek oroigarri bana jaso zuten. Hain zuzen, 25 aldiz odola eman duten 31 pertsonak jaso zuten aitortza; 40 aldiz odola emandako lau emakumek; 50 aldiz emandako lau gizonezkok; 60 aldiz odola emandako emakume batek; 75 alditan emandako zazpi gizonek; eta ehun aldiz emandako bi gizonek. Odol emaileen arduradunaren hitzetan, "urte askotako borondate eta konpromiso paregabearen" adierazgarri da odol emaileena, eta atzo omenaldia jaso zutenek, guztira, 2.055 odol poltsa eman dituztela jakinarazi zuen hark. "Pentsa, zenbat gaixori luzatu diezuen bizia", zuzendu zitzaien haiei. 

Astelehenean, urteko azkena

2026 urterako egutegiaren berri ere eman du elkarteak, eta datorren urterako ere hamazazpi egunetarako jarri du odol ateraldirako hitzordua. Horietatik lau saio goizez eta arratsaldez izango dira, eta gainontzekoak, arratsaldez bakarrik. Honako loturan eskuratu daiteke 2026ko odol ateraldien egutegia.

Bestalde, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak urteko azken odol ateraldiak egingo ditu etzi, astelehena, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Azkoitiarrek goizez eta arratsaldez izango dute bere odola emateko aukera; goizean, 09:30etik 13:00etara bitartean zabalduko dituzte Elkarguneko ateak, eta arratsaldean, 16:30etik 20:30era.

Odola atera behar duten herritarrek badute dagoeneko astelehenerako hitzordua. Aurrerantzean odola ematen hasi nahi duten herritarrek edota informazio gehiago nahi dutenek, berriz, 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu dezakete. Hurrengo odol ateraldia urtarrilaren 12an, astelehena, egingo dute Elkargunean, 16:30etik 20:30era.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide