Olaia Inziartek kontzertua eskainiko du urtarrilaren 31n Baztartxon

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 9a

Olaia Inziarte abeslaria. (Utzitakoa)

Abeslari eta kantugile nafarrak Baztartxo antzokian eskainiko du kontzertua datorren hilaren 31n. Sarrerak dagoeneko salgai daude Entradium atarian, 12 eta 15 euro artean. 

Olaia Inziarteren zaleek badute hura Azkoitian zuzenean entzuteko hitzordua. Udalak jakinarazi duenez, abeslariak urtarrilaren 31n, larunbatez, Baztartxo antzokian eskainiko du kontzertua, 19:00etan hasita.

Abeslari eta kantugile nafarrak 2022. urtean hasi zuen bakarkako ibilbidea Lehengo Lepotikan Burua (2022) diskoarekin; folk zantzuak eta elektronika nahastuta, giro intimoa eta gertukoa eraiki zuen Inziartek bere lehen lanean. Disko horrekin, gainera, euskarazko disko onenaren izendapena jaso zuen Min sarietan. Aurten kaleratu ditu nafarrak bere ibilbideko bigarren lanak: Zerrautsa bilduma eta Zura EPa kaleratu ditu. Natura eta barne mugimendua dituzte ardatz lan horiek; zura sendotasunaren ikur gisa irudikatzen du Inziartek, eta zerrautsa hauskortasunaren arrasto.

Euskara eta egunerokotasuneko hitzak erdigunean jarrita, zaurgarritasunaren indarra eta egiaren bilaketa etengabean dihardu Inziartek. Melodia garbiak eta erritmo minimalistak ehuntzen ditu abeslariak, testu eta emozio zuzenekin. Zuzenekoetan, gainera, formatu zaindua eta hurbila eskaintzen du. Sarrerak jada eskuragarri daude Entradium atarian; 12 eta 15 euro artean eskuratu daitezke horiek. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide