Bertso afaria, film emanaldia, literatur solasaldia eta borroka saioa antolatu ditu AGAk datozen asteetarako

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 9a

Solasaldia egingo dute Juan Luis Zabalaren 'Galdu arte' liburuari buruz. (Guka)

Datozen bi asteetan egingo dituzte aurreneko hiru ekintzak, eta urtarrilaren 3an izango da borroka saioa. Datorren ostiralean San Martin auzoko Ardatz elkartean egingo duten bertso saiorako Dean eta Tta-kun tabernetan eman daiteke izena. 

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetarako. Guztira, lau hitzordu prestatu ditu antolakundeak abenduko eta urtarrileko zenbait egunetarako: bertso afaria, film emanaldia, literatur solasaldia eta borroka saioa egingo ditu antolakundeak.  

Datorren ostiralean egingo duten bertso afariarekin irekiko dute antolatu duten egitaraua. 20:00etan hasita, Unai Izagirre, Maddi Agirre eta Oier Etxeberria bertsolariak arituko dira bertsotan San Martin auzoko Ardatz elkartean. Bertso afarian parte hartu nahi duenak 10 euro ordaindu beharko du, eta Dean eta Tta-kun tabernetan jarri ditu AGAk izena emateko zerrendak; horretarako azken eguna etzikoa, osteguna, izango da. 

Dena den, beste hiru hitzordu ere antolatu ditu gazte asanbladak. Abenduaren 17an, batetik, film bat eskainiko dute Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. AGAk ez du aurreratu zein film emango duten, baina azaldu du Palestinako bizimoduarekin lotura duen ikus-entzunezko bat izango dela eskainiko dutena. Hilaren 19an, bestetik, Juan Luis Zabala idazle azkoitiarraren Galdu arte liburuari buruzko solasaldia egingo dute Elkargunean. 18:30erako jarri dute hitzordua, eta idazlea bera ere saio horretan izango dela azpimarratu du AGAk, hark emango baititu bere lanari buruzko gakoak. Urtarrilaren 3rako jarri dute egitarauaren barruko azken hitzordua; borroka saioa egingo dute Elkargunean; larunbatez, autodefentsa eta K1 borroka saioa egingo du AGAk, 11:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide