Iruña Okako lurrikarak Azkoitian ere egin du dardara

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 8a

Lurrikara sentitu den herrien mapa. (Espainiako Institutu Geografikoa)

Lau graduko lurrikara bat izan da bart gauean Iruña Okan. Azkoitian, berriz, bi graduko dardara eragin du. 00:10 aldean jazo zen lurrikara, eta bi-hiru segundo iraun zuen. Udaltzaingoaren arabera, herrian ez du eraginik izan.

Lurrikara bat izan da bart gauean Iruña Okan (Araba), baina haren dardarak Azkoitiraino iritsi dira. Lurrikarak Arabako herri horretan izan du epizentroa, baina Euskal Herriko hainbat herritan izan du eragina; tartean, Azkoitian. 00:10 inguruan nabaritu zuten lurraren dardara Iruña Okan; Espainiako Institutu Geografikoaren arabera, lau gradukoa izan da Richter eskalan. Ordea, dardara Euskal Herri luze-zabalean hedatu da, eta Azkoitian, esaterako, bi gradukoa izan da.

Lurraren dardara oso motza izan da, bizpahiru segundokoa. Azkoitiko Udaltzaingoak Gukari jakinarazi dionaren arabera, lurrikarak ez du eraginik izan herrian, eta deirik ere ez dute jaso ezeren abisurik emanez. Eusko Jaurlaritzak azaldu du ez duela erreplikarik espero, baina gaineratu du beste lurrikararen bat izaten bada bart gauekoa baino txikiagoa izango dela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide