San Martin auzoaren aparkaleku eta irisgarritasun arazoei irtenbidea eman asmoz, aparkaleku berriak eta igogailua eraikitzeko prozesuak martxan jarri ditu Azkoitiko Udalak, idazketa proiektuak abian jarrita.
Aparkaleku berriak Gurutzeaga etxearen aurrealdeko aparkalekuaren gainean eraikiko ditu udalak. Hau da, etxe horren aurreko aparkalekua etxebizitzak eraikitzen ari den enpresa sustatzaileak urbanizatuko du. Gero, udalaren asmoa da, aparkaleku horren gainaldea estali, eta estalkiaren gainean aparkaleku berriak eraikitzea. Idazketa proiektua bideratuta dute, 18.090 euroko aurrekontuarekin Asmatu enpresak egingo du.
San Martin auzoan aparkatzeko arazoak daudela "ukaezina" da, Ana Azkoitia alkatearen arabera. "Duela lau urte behin-behineko aparkalekua egokitu zen, garapen urbanistikoa aurreikusita zegoen toki batean, eta garapen hori errealitate egin da", adierazi du Azkoitiak. Arazoari "irtenbidea aurkitzea" da alkatearen nahia, eta uste du Gurutzeaga aurreko aparkalekua estaltzea "soluzio bat" izan daitekeela.
Igogailuaren proiektua ere aurrera
Beidazar kalea, Balda kalea eta Rikardo Otaño kalea lotuko dituen igogailuaren idazketa proiektua ere hasi du udalak, San Martin auzoaren irisgarritasuna hobetzeko. Hiru geldialdi dituen igogailu bat eraikitzea da lehenetsitako proiektua, eta horrek eguneraketak izan ditzake. Eraiki asmo duten igogailuak beheko aldean Beidazar kalea eta Balda kalea lotuko ditu, eta bigarren geldialdia Rikardo Otaño kalean izango luke. Toki horretatik gora hainbat ibilbide zehaztuko lituzkete arrapalen bidez.
Era berean, Altamira aldera ere lotura aurreikusten du udalak: "Bi auzoentzako onuragarria den jarduketa izanez".
Igogailuaren idazketa proiektua eta obra zuzendaritza Asmatu enpresari esleitu dizkio udalak, 125.840 euroko aurrekontuarekin. Udalak argitu du enpresa horrek lau hilabeteko epea duela proiektua idazteko. San Martinen irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterketa 2021ean egin zuen udalak, eta erakundeak adierazi du orduan balorazio onena izandako proiektua hartuko dutela orain oinarri, "teknikoki bideragarriena" delako.
