Asteartean zabalduko dute Bidezko Merkataritza denda

Andoni Elduaien 2025eko abenduaren 5a

Iaz bezala, askotariko produktuak erosteko aukera izango da Portaleburun. (Andoni Elduaien)

Gabonen bueltan urtero zabaldu ohi du Azkoitiko Misio Taldeak denda; aurten, hilaren 19ra bitartean izango da zabalik. Portaleburu aretoan jarriko dituzte produktuak salgai.

Datorren asteartean, hilak 9, zabalduko du Azkoitiko Misio Taldeak bidezko merkataritzaren denda. Talde horrek urtero zabaldu ohi du denda Gabonen atarian, eta azken urteetan bezala, aurten ere Portaleburu erakusketa aretoan jarriko dute saltokia.

Herrialde txiroetan ekoitzitako eta bitartekaririk ez duten produktuekin beteko dute Portaleburu aretoa Misio Taldekoek. Hara bertaratzen diren herritarrek, besteak beste, jakiak, jostailuak, arropa, jolasak eta bestelako hamaika produktu eskuratzeko aukera izango dute han.

Hilaren 9tik 19ra bitartean zabalduko dute denda. Astelehenetik ostiralera, goizez, 10:30etik 12:30era zabalduko dute saltokia, eta arratsaldez, 17:00etatik 19:30era bitartean. Hilaren 13an, larunbatean, ere zabalduko dute denda, baina orduan goizez irekiko dute soilik, 10:30etik 12:30era, hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide