Gazteria sailak prest du Gabonetarako egitaraua

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 25a

Elkargunean Gabonetan eskainitako ikuskizun bat. (Andoni Elduaien)

Gabonetako oporraldiko egunetarako ekintza sorta antolatu du Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak. Ohi bezala, Negune Bai eta Gazte Astea barruko ekintzak egingo dituzte, baina izango da ikastaroetan trebatzeko aukerarik ere. Magia, antzerki, musika eta dantzak ikuskizunak eta jolas parkeak ere izango dira aukeran. Zenbait ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Azkoitiko Gazteria sailak kaleratu du aurtengo Gabonetako ekintzen egitaraua. Beste urte batez, herriko haurrek, nerabeek eta horien familiek askotariko ekintzak izango dituzte gozamenerako, hala nola jolas parkeak, ikuskizunak eta ikastaroak. Abenduaren 22an hasiko dituzte ekintza gehienak, baina Gabonetako oporraldi guztian zehar izango dira era bateko edo besteko hitzorduak.

Negune Bai egitasmoaren barruan, esaterako, ekintza desberdinak egingo dituzte. Abenduaren 22an, patinatzera egunpasa egingo dute LH 4 eta LH6 mailen arteko ikasleek; liburutegi paretik abiatuko dira 10:00etan. Abenduaren 29an, berriz, HH 4 eta HH 5 mailetako haurrek Gabonetako apaingarriak egiteko ikastaroa izango dute Abarketatxo ludotekan, 10:00etan. LH1 eta LH3 mailen arteko haurrek, berriz, Sortzen ikastaroa jasoko dute gune berean, 16:00etan. Abenduaren 30ean, batetik, HH 4 eta HH 5 mailetako haurrentzako ipuin kontaketa animatua eskainiko dute Abarketatxon (10:00), eta bestetik, ipuin motorea saioa izango da LH 1 eta LH 3 mailen arteko haurrentzat, gune berean (16:00).

Ekintza horietan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez. Abarketatxo ludotekako bazkideek abenduaren 2tik 10era izango dute horretarako aukera, eta bazkide ez direnek, abenduaren 4tik 10era. Bazkideek euro bat ordaindu beharko dute izen ematea, eta bazkide ez direnek, 3 euro. Dena den, patinatzera egingo duten egunpasa 25 euro ordaindu beharko dute guztiek. 

Artxamendi topalekuak ere antolatu du bere Gabonetarako programa. Gazte Astea izenpean, hainbat hitzordu izango dituzte nerabeek aukeran. Batetik, abenduaren 22an, areto futbol txapelketa jokatuko dute goizez eta arratsaldez, Elkargunean. Abenduaren 29an, goizean, patata tortilla lehiaketa egingo dute (10:00), eta arratsaldean, ping pong txapelketa (15:30). Abenduaren 30ean, berriz, mendi ibilaldia egingo dute goizean, eta astea ixteko, sari banaketa eta merienda eskainiko dituzte (16:00). Ekintza horietan parte hartu nahi dutenek Gazteria Zerbitzuaren Bulegoan eman beharko dute izena abenduaren 2tik 11ra bitartean. 

Ikastaro eta tailer ugari

Abarketatxo ludotekaren eta Artxamendi topalekuaren egitarauaz gain, Gazteria sailak tailer eta ikastaro ugari antolatu ditu neguko oporraldirako. Robotika, Brikolatzen, Sormenarekin birakaSormenera zaletzen, Eltze artean sukaldariErrezetak sukaldatzen, Emakumea eta artea, Saskitxoak egiten eta Begi magikoak egiten izeneko ikastaroak eta tailerrak antolatu dituzte, besteak beste. 

Ikastaro horien saioetan parte hartzeko, izena eman beharko da nahitaez, eta horretarako aukera Elkargunearen webgunean edota Gazteria Zerbitzuaren Bulegoan izango da, abenduaren 1etik 14ra edota plazak bete arte. Elkarguneak galdetegi bat zabalduko du datorren hila hastearekin bat. Ekintza horiek guztiak ordainpekoak dira, eta honako lotura honetan irakur daiteke bakoitzari buruzko informazio guztia. 

Jolas parkeak ere bai

Iaz bezala, aurten ere bi jolas parke jarriko dituzte Gabonetan Elkargunean. Gabon parkea, ohi bezala, kantxa nagusian jarriko dute; abenduaren 26tik 28ra bitartean egongo da hura zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara artean. Goizeko txartelak bi eurotan salduko dituzte, eta arratsaldekoak, 3,5 euroan. Dena den, hiru eguneko bonuak ere salduko dituzte 12 euroren truke. Sarrerak abenduaren 15etik 23ra bitartean salduko dituzte Elkarguneko Gazteria Zerbitzu Bulegoan.

Dena den, izango da bestelako parke bat ere: egurrezko jolas parkea. Urtarrilaren 2an zabalduko dute Mari eta Montessori izeneko egurrezko jolas parkea, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Goizez, 11:00etatik 13:00etara irekiko dute, eta arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Bi gunetan banatuko dute areto hori, eta alde batean egokituko dute txokoka 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako Montessori materialaren gunea. 

Hiru ikuskizun

Egitaraua osatzeko, Gazteria sailak haurrentzako eta familientzako ikuskizunak ere antolatu ditu. Guztira, hiru ikuskizun eskainiko dituzte Gabonetan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Abenduaren 30ean, Tor magoak eta Txoborrok Aztikeriak izeneko magia ikuskizuna aurkeztuko dute (17:00); urtarrilaren 3an, Ameztu antzerkia konpainiak Kay robot izeneko txotxongilo ikuskizuna eskainiko du (17:00); eta urtarrilaren 4an, antzerkia, musika eta dantza uztartzen dituen Gora kopak izenekoa (17:00) eskainiko du Ttipia konpainiako Itsaso Kintanak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide