Abian da Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen eta pentsiodunen elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea. Gaur, astelehena, bi hitzaldi jaso dituzte adinekoek. Goizean, Miguel Angel Vazquez erlaxazio eta meditazio tekniketan aditua denak eman du hitzaldia elkartearen egoitzan, eta arratsaldean, Gurutze Gorriko ordezkariek eskaini dute nahigabeko bakardadeari buruzko hitzaldia.
Hitzaldiez gain, ordea, askotariko ekintzak egingo dituzte aste osoan zehar. Bihar, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronista ofizialak zuzendutako bisita gidatua egingo dute 10:00etan eliz ataritik abiatuta. 16:30ean, berriz, tute, eskoba eta seiko urre txapelketen aurre kanporaketak jokatuko dituzte elkartean. Asteazkenean, berriz, karta joko txapelketa horien finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte elkartean, 16:30ean hasita. Ostegunean, bestalde, bingo berezia egingo dute. Ostiralean, azkenik, txokolate jana egingo dute Plaza Ondoren egoitzan, 16:30etik aurrera.
Igandean, San Andres egunean, pintxoa eta ardoa eskainiko dizkie elkarteak bazkideei, Hika tabernan. 11:00etatik 13:00etara bitartean, doan eskainiko du jubilatuen elkarteak mokadua, baina elkarteko arduradunek Plaza Ondoko bazkide txartela eskatuko diete bazkideei. Plaza Ondo bere egoitzan ari da mokadua egiteko txartelak banatzen.
Borobiltzeko, bazkaria
Abenduaren 7an, igandez, lagunarteko bazkaria eginda itxiko du Plaza Ondok Jubilatuen Astea. Aurrena, 11:00etan, meza nagusia egingo dute, Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. 14:00etan, berriz, bazkaria egingo dute. Otordu horretarako izen ematea bihar, asteartea, zabalduko du elkarteak eta abenduaren 2an, asteartez, itxiko du. Plaza Ondoko bazkideek 45 euro ordaindu beharko dute izen ematea, eta bazkide ez direnek, 50 euro.
Hona hemen aurtengo Jubilatuen Asteko egitaraua:
Azaroak 25, asteartea:
- 10:00. Juan Bautista Mendizabalek gidatutako bisita gidatua, eliz ataritik abiatuta.
- 16:30. Tute, eskoba eta seiko urre karta joko txapelketen aurre kanporaketak.
Azaroak 26, asteazkena:
- 16:30. Tute, eskoba eta seiko urrea karta joko txapelketen finalerdiak eta finalak.
Azaroak 27, osteguna:
- 16:30. Bingo berezia, Plaza Ondoren elkartean.
Azaroak 28, ostirala:
- 16:30. Txokolate jana, Plaza Ondoren elkartean.
Abenduak 7, igandea:
- 11:00. Meza, parrokian.
- 14:00. Bazkaria, Joseba jatetxean.