Iñaki Zubizarretak bullyingaren inguruko hitzaldia eskainiko du bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 25a

Iñaki Zubizarretak eskainiko du hitzaldia. (Gasteizko Udala)

Hitzaldia Elkargunean eskainiko du adituak bihar, 18:00etan. Haurra zenean bullyinga jasan zuen Zubizarretak, eta bere esperientziatik abiatuta arituko da biharko saioan.

Azkoitiko Udalak eta Jaso Burue! taldeak bullyingaren inguruko hitzaldia antolatu dute biharko, asteazkena. Bullyingari aurre egin. Isiltasunaren legea hautsiz izenburupean, Iñaki Zubizarretak eskainiko du saioa Elkargunean, 18:00etan hasita. Eskola jazarpena eta ikasgeletako indarkeria hautematen nahiz prebenitzen aritzen den dibulgatzailea eta aktibista da Zubizarreta. Udalak aurreratu duenez, hitzaldia gaztelaniaz eskainiko du adituak.

Haurra zenean bullyinga jasan zuen Zubizarretak, eta bere esperientziatik abiatuta, "jazarpenaren aurkako borroka bere" egin du. Antzeko egoera bizi duten haurrei laguntzea, eta kontzientziatuz nahiz tresna egokiak erabiliz egoera horretatik atera daitekeela adieraztea da haren xedea.

Zubizarretak horrela definitzen du bullyinga: "Ume aurpegia duen munstro horrek haurtzaroak suntsitzen ditu, bizitzak markatzen ditu, eta kasurik larrienetan, haurrek beren buruari eraso egitea eragiten du, gehiago sufritu nahi ez izateagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide