Haritz Aranguren 'Norde' hirugarren, Bizkaiko Harri Txikien Txapelketan

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 24a

Norde, ezkerretik hirugarrena. (Ibon Errazu)

Guztira, 6.950 kilo altxatu zituen Nordek, hiru harriei 64 jasoaldi emanda. Inhar Urruzunok 8.575 kilo altxatu zituen 79 altxalditan.

Haritz Aranguren Norde harri jasotzaile azkoitiarra hirugarren sailkatu da Bizkaiko Harri Txikien Txapelketan. Atzo, igandea, Etxebarrian (Bizkaia) jokatu zuten txapelketa, eta Inhar Urruzunok jantzi zuen txapela. Jon Gisasola Zelai V.a sailkatu zen bigarren, eta azkoitiarra izan zen hirugarrena, Eneko Bilbaoren aurretik.

112,5 kiloko kopa eta kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu behar izan zituzten. Azkoitiarrak 27 altxaldi eman zizkion kopari, hamazazpi kubikoari eta hogei bolari. Guztira, 6.950 kilo altxatu zituen Nordek, hiru harriei 64 jasoaldi emanda.

Urruzuno txapelduna nabarmendu zen beste hiru harri jasotzaileen gainetik; hark 79 altxaldi eman zizkion hiru harriei 8.575 kilo altxatuz–37 kopari, hamazazpi kubikoari eta 25 bolari–. Zelai V.ak 7.612,5 kilo altxatu zituen 70 altxalditan –34 kopari, hamabost kubikoari eta 21 bolari–. Aldiz, Bilbao laugarren sailkatuak 55 altxaldi eman zizkien harriei –24 kopari, hamahiru kubikoari eta hemezortzi bolari–; 5.962,5 kilo altxatu zituen azken horrek.

Azkoitiarrak Bizkaian du egina harri jasotzeko fitxa, eta horregatik izan zuen txapelketa horretan parte hartzeko aukera. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide