Javier Zubizarreta alkate ohiak Hurkoa fundazioaren Urrezko H saria jaso du. Erakundearen alde egindako ekarpenaren eta erakutsitako konpromisoaren aitortza gisa jaso zuen saria 2015etik 2023ra bitartean herriko alkate izan zenak herenegun, osteguna.
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostiako Carlos Santamaria Zentroan egin zioten aitortza Zubizarretari, Hurkoaren 35. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian. Hurkoa patronatuko kide den Jesus Alberdi azkoitiarrak jarri zion intsignia alkate ohiari paparrean, eta hark esker hitzak izan zituen fundazioko kideentzat. "Urrezko Ha jarri didazue niri, baina Hurkoak eta beharra dutenen alde lan egiten duen jende guztiak 27 letra eraman beharko lituzkete, Atik Zra alfabetoa osatzen duten guztiak. Laguntzen jarraitzera animatzen zaituztet, eta ea gure gizarte hau humanoagoa egiten dugun", adierazi zuen Zubizarretak saria jasotzean. Ana Azkoitia egungo alkateak ere parte hartu zuen ekitaldian.

Hurkoa, 2017tik herrian
Hurkoak 2017ko urrian zabaldu zuen bulegoa herriko plazan, Udaltzaingoaren alboko lokalean. Hauskortasun egoeran edota tutoretza beharrean dauden pertsonei arreta eta akonpainamendua ematea dira fundazio horren xedeak. Udalak emandako datuen arabera, zerbitzu hori zazpi pertsonekin jarri zen martxan. Egun, berriz, 30 pertsona inguru artatzen dira herrian, bailarako gizarte eta osasun zerbitzu guztiekin koordinatuta. Gipuzkoa osoan, bestalde, desgaitasun, mendekotasun, babesgabetasun edo hauskortasun egoeran dauden adineko edo buruko gaixotasuna duten 615 pertsonei eskaintzen diete arreta eta laguntza.