Otarre eta Atxuri baserriaren arteko errepidea konpondu eta asfaltatu du udalak

Andoni Elduaien 2025eko azaroaren 14a

Konpondu duten errepidea. (Udala)

Mendaroko Udalarekin elkarlanean egin ditu lanak Azkoitiko Udalak. Guztira, 88.933 euroko aurrekontua izan dute errepidea hobetzeko lanek. Azkoitiko erakundeak aurrekontuaren %60 ordaindu du, eta Mendarokoak, %40a. 

Otarre eta Atxuri baserrien arteko errepidea konpondu eta asfaltatu dute. Azkoitiko eta Mendaroko (Gipuzkoa) udalek gauzatu dituzte obrak, 88.933 euroko aurrekontuarekin. Konpondu duten bideak Azkoitiko Ondarroa, Arozpide eta Larrazkandazpikoa baserriei ematen die zerbitzua, baita Mendaroko Atxuri zein Pagaolatza baserriei eta Debako (Gipuzkoa) Larrazkandaberri etxeari ere. Aurtengo jarduketarekin, 2016-2025 epean, udalak 1.229 euro inbertitu ditu baserri bideen konponketan.

Azkoitiko Udalak azaldu du, bai Azkoitiko Udalak, bai Mendarokoak, "elkarlanerako eta finantzaketarako borondatea" agertu zutela, eta lankidetza horren ondorioz gauzatu dituztela obrak. Udalak aurrekontuaren %60 jarri du, eta Mendarokoak gainerako %40a ordainduko du.

Ana Azkoitia alkatea eta Enetz Ezenarro Mendaroko alkatea "pozik" agertu dira bi aldeen arteko lankidetzagatik eta errepidearen hobekuntzagatik. Atxuri baserriko jabea den Maribel Bastidak ere bere poza erakutsi du, alkate biek eta Imanol Arrizabalaga Hirigintza zinegotziak egindako bisitan.

Erakundeak esan du urtero "gutxienez" 100.000 euroko diru partida bideratzen duela landa bideak konpontzera. Udal teknikariek landa bideen egoerari buruzko azterlana egin zuten 2016. urtean, eta harrezkero, urtero, eremu batean egiten dituzte orain Otarre eta Atxuri baserrien arteko errepidean egin dituzten moduko lanak. Ordea, udalak azaldu du "premiarik handiena duten eremuak lehenesten" dituztela. Azken bederatzi urte hauetan, guztira, udalak 1.229.123 euro inbertitu ditu baserri bideen konponketara. 

Bi udaletako ordezkariak eta auzotarrak. (Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide