Israelera egindako salmentetan Sidenor legearen barruan aritu zela adierazi du Jainagak epailearen aurrean

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 12a

Espainiako Auzitegi Nazionala.

Hango arma enpresa batekin altzairu kontrabandoan aritu izana ukatu dute Sidenorreko zuzendaritzakoek gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Salmentak Israelekin salerosketak egitea mugatu aurretik egin zituztela esan dute, eta legez aritu izanaren "frogak" aurkeztu dituztela ere bai.

Sidenorrek Israelera egindako altzairu salmentetan lege hausterik ez duela egin adierazi dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean enpresaren presidente Jose Antonio Jainagak, zuzendari orokor Marco Pinedak eta zuzendari komertzial Iñigo Molerok. Hala jakinarazi du Azkoitian lantegia duen enpresak, ikerketapean dauden bere zuzendaritzako hiru kideek kontrabandoa eginez gizateriaren aurkako delitua edo genozidioaren konplize izatea egotzita epailearen aurrean deklaratu ondoren.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Francisco de Jorge epaileak Kataluniako Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak jarritako kereila baten ondoren ekin zion Sidenorrek Israelera egindako altzairu salmentak ikertzeari. Ondorioz, Israel Military Industries (IMSI) arma ekoizleari altzairua kontrabandoan saltzea egotzi die epaileak Sidenorren arduradunei. Epailearen autoaren arabera, Israelera bidalitako materiala armak egiteko erabiliko zela "jakitun" ziren Sidenorrekoak, eta salmentak Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe eta erregistroan inskribatu gabe egin zituzten, joan den irailaren 10ean Espainiako Poliziak jasotako ofizio baten arabera.

Sidenorren zuzendaritzaren arabera, ordea, legearen barruan egin zituzten Israelera egindako salmenta guztiak, eta hori horrela dela egiaztatzen duten "frogak aurkeztu" dituzte gaur Auzitegi Nazionalean, Jainagak adierazi duenez. Sidenorreko presidenteak dio Israelera altzairua saldu zuten bitartean "herrialde horrekin harreman komertzialak izateko inongo mugarik ez" zegoela ezarrita. Jainagak gogoratu du enpresak bere erabakiz eten zituela harreman horiek joan den uztailean, "Espainiako Gobernuak blokeoa ezarri baino ia hiru hilabete lehenago". Sidenorren buruaren esanetan, enpresa horrek Israelera saldutako material motak "ez zuen estatuaren baimen berezirik behar" salerosketarako, eta gaineratu du Israelera altzairua saltzeko eragozpenak zeudela adierazten zuen "inongo jakinarazpenik ez" zutela jaso bere garaian, ez Espainiako Gobernuaren aldetik, ez Europako Batasunaren aldetik.

Berria-k atzo jakinarazi zuenez, 2023ko otsailetik aurtengo ekainera bitartean, armak ekoizteko 42 aldiz bidali dio altzairua Sidenorrek Israel Military Industries (IMI) enpresari, eta bidalketa horietatik 33 Gazako genozidioa hasi ondorengoak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide