Antonio Oteizaren 'Ongi etorri' eskultura inauguratuko dute igandean

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 12a

Antonio Oteiza eskultorea. (Azkoitiko Udala)

Igandean 12:30ean egingo dute Antonio Oteizaren Ongi etorri eskulturaren inaugurazio ofiziala. Haren lana erakusteaz gain, abuztuan hil zen eskultorea omentzeko baliatuko dute ekitaldia.

Antonio Oteizak egindako Ongi etorri eskultura inauguratzeko ekitaldia egingo dute igande honetan. Intsausti jauregiaren ondoan jarri duten lana agerian utziko dute, eta Azkoitiarekin lotura estua izan zuen artista omentzeko baliatuko dute udalak eta Antonio Oteiza Fundazioak antolatu duten ekitaldia. Herriko sarreran ikusgai egongo den eskulturak Antonio Oteizaren legatua ohoratuko duela azpimarratu du udalak. 

Hiri Gutunaren 700. uteurrenaren ospatzen ari zela oparitu zion Antonio Oteizak Azkoitiko herriari Ongi etorri eskultura. Abuztuan zendu zen eskultorea, eta udalak jakinarazi duenez, azken hilabeteetan lan hori brontzean eraikitzen aritu dira. Eskultura Julio Urkixo etorbidean jarri dute jada, Intsausti jauregiaren aldamenean, eta igandeko ekitaldian erretiratuko diote estalkia. Aurrerantzean, beraz, bi anai eskultoreen lanak egongo dira ikusgai Azkoitian, Antoniorenak eta Jorgerenak.

Eskultore izateaz gain, aita kaputxinoa, misiolaria eta abenturazalea ere bazen Oteiza, eta 2008an Azkoitiko herriaren Urrezko Intsignia jaso zuen. "Beti erakutsi izan zuen Azkoitiarekiko gertutasuna eta harreman estua", nabarmendu du udalak.

Igandeko jarduerak

Igandean, 11:00etan hasiko dituzte Antonio Oteiza omentzeko jarduerak. Ordu horretan, haren omenezko meza emango dute parrokian, eta 12:30ean eskulturaren inaugurazio ofiziala egingo dute, Sahatsa dantza taldearen eta Txalkor txistulari taldearen parte hartzearekin. Jarraian, Intsausti jauregian dagoen Antonio Oteizaren erakusketa bisitatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Herritarrak gonbidatuta daude inaugurazio ekitaldira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide