Kultur Etxeko Plaza Ondo jubilatuen elkarteko tabernaren eta jatetxearen kudeaketa lizitaziora atera ditu Azkoitiko Udalak. Guneari ateak zabaltzeko nahiz zerbitzua berriro martxan jarri ahal izateko, udalak azaroaren 25era arteko epea eman die interesdunei proposamenak egiteko.
Bi urteko kontratua izango du onuradunak, baina udalak jakinarazi du urtero luzatu ahalko dela, gehienez, beste bi urtez. Hori hala, gehienera jota lau urte osatu arteko kontratua egiteko aukera izango du gunearen kudeatzaile berriak.
Zerbitzuaren ustiapenak "hainbat betebehar" eskatzen dituela azaldu du udalak, hala nola erretiratuen zein pentsionisten gunearen garbiketaz arduratzea, taberna, kafetegia nahiz jatetxea zaintzea, eta jubilatu etxeko atezaintza zerbitzua eskaintzea. Iragarkia gaur argitaratu du udalak bere kontratazio profilaren atalean.
Sei urte itxita
Azkoitiko Udalak azken urteetan hainbat saiakera egin ditu Plaza Ondo jubilatuen elkarteko taberna eta jatetxea zabaltzeko, baina, dagoeneko sei urte daramatza itxita. 2019ko abenduan eta 2020ko otsailean udalak lizitazioa martxan jarri zuen, baina urte horietan ez zuten taberna zabaltzea lortu. Duela sei urte, ez zuten esleitu eskatzaileak ez zituelako eskakizunak betetzen, eta 2020an, hutsik geratu zen lizitazioa.