Gurea pilotalekua jendez eta babes keinuz lepo, Andreuren debut profesionala hartu duen K1 jaialdian

Maialen Etxaniz 2025eko azaroaren 9a

Aitor Andreuk debuta egin zuen K1ean profesionaletan Gurea pilotalekuan elkartutakoen babesean. Borrokaldia irabazi zuen Alejandro Moron Toritoren aurka nagusituta. Joanes Orbearen aurrenekoa ere izan zen atzokoa, eta hark ere harrera beroa jaso zuen, baita garaipena eskuratu ere. Durango Fight Factory-ko kideek maila bikaina erakutsi zuten jaialdian zehar, eta pareko harrera egin zieten harmailetan elkartutako lagunek.

Borroka kirolen jaialdia hartu zuen Azkoitiak atzo aurrenekoz: Uga kirol zentroak Durango Fight Factoryko kideekin elkarlanean antolatutako K1 ikuskizuna. Ehunka lagun elkartu zen Gurea pilotalekuan lau ordu inguru iraun zituen jaialdiaz gozatzeko. Orotara, hamar borrokaldik osatu zuten jaialdia, K1 modalitateko zortzik eta lowkick modalitatetako bi borrokaldik, hain zuzen. Antolatzaileen arabera, 700 inguru sarrera saldu zituzten hitzordurako. 

Jaialdiak bazuen ohikoaz gain zerbait berezia, Aitor Andreu azkoitiarrak debuta egiten baitzuen profesionaletan. Andreuk eskarmentua du borroka kirolen ibilbidean, eta hainbat lorpen eta garaipen eskuratu ditu dagoeneko. Atzo, ordea, kick boxingean profesionaletara egin zuen salto, eta hitzorduak eskatzen zuen berotasuna helarazi zieten pilotalekuan elkartutakoek. Andreurena izan zen azken borrokaldia, eta jendea gogoz zegoen une hori noiz iritsiko. Sarrera beroa egin zioten azkoitiarrari, eta hunkituta igo zen ringera. Haren ondoan izan ziren Anaitz Olaeta (Durango Fight Factory) eta Ainara Torvisco (Kuraia), azkoitiarraren gaur egungo entrenatzailea eta entrenatzaile ohia. Andreuk Alejandro Moron Torito izan zuen parez pare ringean, eta haren aurka nagusituta borobildu zuen borrokaldia. Hunkituta eta eskertuta agertu zen borrokaldia amaitu berritan, eta etxekoei nahiz lagunei eskerrak eman ez ezik, horiei nahiz falta direnei eskaini zien atzokoa. 

Andreuren sarreraren unea, hemen:

Gainerakoak ere, gogoz

Joanes Orbea azkoitiarrak, bere aldetik, aurreneko borrokaldia zuen atzokoa, eta haren aldeko babes mezuak ikusgai zeuden pilotalekuko harmailetan. Borrokarik gabe, garaipenik ez! Aupa Jou irakur zitekeen pilotalekuko zatirik handiena hartzen zuen pankartan. Orbearen borrokaldiak ireki zuen jaialdia, eta jendeak harrera beroa egin zion azkoitiarrari. Hark Aimar Sanchez izan zuen aurkari, eta Durango Fight Factory-ko kide azkoitiarrak lortu zuen garaipena haren estreinakoan. Orbea "oso gustura" eta eskertuta agertu zen borrokaldia amaitu berritan. 

Bi azkoitiarrez gain, Durango Fight Factory-ko hiru azpeitiar ere lehiatu ziren atzokoan: Aimar Azpiazu, Ekaitz Agirrezabal eta Unai Monasterio. Batzuek besteek baino gehiago gozatu zuten borrokaldia, baina denek izan zuten ikusleen babesa lehen minututik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide