Iker Vicente, laugarrenez Euskal Herriko txapeldun

Andoni Elduaien 2025ko aza. 2a, 17:07

Otsagabiako aizkolariak pronostiko guztiak bete ditu gaur Azkoitian, eta laugarrenez jantzi du Euskal Herriko txapela. Hodei Ezpeleta eibartarra sailkatu da bigarren, eta Mikel Larrañaga azpeitiarra izan da hirugarrena. Lehen posturako demak baino, bigarren posturako lehiak piztu du ikusmina, aizkorakada gutxi batzuen aldea izan baita Ezpeletaren eta Larrañagaren artean.

Iker Vicente aizkolari otsagabiarrak (Nafarroa) laugarrenez irabazi du Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketa. Gaur, igandea, Azkoitian jokatu dute lehen mailako lehia, eta faboritoak, beste behin, nagusitasunez irabazi du Gurea pilotalekuan. Hodei Ezpeleta eibartarrak (Gipuzkoa), Mikel Larrañaga azpeitiarrak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Julen Gabirondo urnietarrak (Gipuzkoa) eta Xabier Zaldua zumarragarrak (Gipuzkoa) osatu dituzte gainerako postuak, hurrenez hurren.

Jende andana elkartu da gaurko finala bertatik bertara ikustera. 600 bat sarrera inguru saldu dira, eta hori hala, Gurea frontoiko harmailak leporaino bete dira. Sei protagonistak aurkeztuta, Joxe Mari Olasagasti eta Patxi Astibia aizkolari ohiei omenaldia eginda ekin diote gaurko hitzorduari. Igeldoko (Gipuzkoa) eta Leitzako (Nafarroa) aizkolarien irudiak erakutsi dituzte aurrena, eta gero, Sahatsa dantza taldeko Joxan Mendizabal dantzariak aurreskua dantzatu die. Bi lagunei txapel bana jantzita borobildu dute haien omenaldia. 

Sei aizkolariek lan gogorrari egin behar izan diote aurre. Euskal Herriko Txapelketan ohikoa den lana eginez, guztira, hamabi enbor ebaki behar izan dituzte haiek: lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko. Vicentek moztu ditu hamabi enborrak azkarren; hark 39 minutu eta 46 segundo behar izan ditu gaur –35 minutu eta 39 segundoan amaitu zituen lanak iaz, Gasteizen–. Bigarren posturako lehia izan da eguneko unerik zirraragarriena, pare-parean eman dute-eta azken enborrean buelta erdia Ezpeletak eta Larrañagak. Harmailetako tentsioak eta oihuak aizkolarien artean ere majo nabaritu dira, eta tiki-taka handia erakutsi dute azken aizkorakadetan. Azkenean, Ezpeletak tarte ederra lortuta irabazi du Larrañagarekin izan duen dema; eibartarrak 43.47 denboran amaitu ditu lanak, eta kronometroak 44.39 denbora markatzen zuenean eman du azken kolpea Larrañagak. Txikia IV.a ere ez da podiumetik urrun izan; hark 45.42 denbora egin du. Bosgarren eta seigarren postuak osatzen, azkenik, Gabirondo eta Zaldua izan dira; urnietarrak 47.05 denbora egin du eta zumarragarrak 47.38 denbora.

Hona hemen sailkapena eta denbora guztiak:

  1. Iker Vicente (39.36).
  2. Hodei Ezpeleta (43.47).
  3. Mikel Larrañaga (44.39)
  4. Julen Alberdi Txikia IV.a (45.42)
  5. Julen Gabirondo (47.05)
  6. Xabier Zaldua (47.38)

Vicenteren nagusitasuna

Hasieran indarrak parean zituztela erakutsi dute aizkolari guztiek, baina enborrez enbor aurrera egin ahala, txapelduna aurrea hartzen eta Gabirondo atzera gelditzen hasi da. Lanen herenak egitean, Vicente zen probako aurrena, baina segundo gutxi bakar batzuetara zituen Txikia IV.a eta Larrañaga; haien atzetik zen Zaldua ere, baina pixkanaka-pixkanaka, gero eta urrunago. Ezpeleta ere asko trabatu da oinbikoak aurrenekoz ebaki dituenean. Lanen erdiak Vicentek osatu ditu aurrena –hemezortzi minutu eskas–, eta ordurako abantaila dotorea zuen gainerakoekiko, txapela lortzetik gero eta gertuago kokatuz. Txikia IV.a minutu eta 25 segundora zuen; Larrañaga bi minutu eta bost segundora; Zaldua hiru minutu eta hamabost segundora; Ezpeleta hiru minutu eta 27 segundora; eta azkenik, Gabirondo lau minutu eta sei segundora. 

Nahiz eta gaurko finalean egin beharreko lanen lehen erdia bigarrena baino azkarrago osatu, atzetik zituen aurkariekiko tartea areagotzen joan da pixkanaka-pixkanaka Vicente. Pentsa, azken oinbikoak amaitu dituenean, hiru minutu pasatxoko abantaila zuen hark. Gainera, Txikia IV.a apur bat bete egin da, eta hark bigarren postua galdu du, Larrañagaren eta Ezpeletaren mesedetan; azkoitiarra laugarren posturaino erori da itzulerako lanetan. Ezpeletak, bestalde, atzetik aurrera egin du, eta lehen itzulian azken postuetatik gertuago egongo zela zirudien arren, egoera irauli du hark; azken lau egurrei ekin aurretik, Larrañagarengandik segundo gutxi batzuetara zen hura. Bosgarren eta seigarren postuetarako lehiak ere orekatzera egin du, Zalduari azken enborrak ebakitzea hasieran baino gehiago kostatu baitzaio. Une hori baliatu du Gabirondok hari aurrea hartzeko. 

Garaipena ziurtatuta zuela, lasai, patxadaz, aritu da Otsagabiako txapeldun handia, eta aurkarien traba handirik gabe lortu du bi eskuak altxatzea. Egindako ahalegina eta lana zorionduz, txalo zaparrada handia eskaini diote Vicenteri, baina segituan jarri dute begirada frontoiaren atzeko koadroetan lehian ari ziren bi aizkolariengan. Ezpeleta atzetik aurrera egiten ari zela jabetuta, jendeari hauspoa piztu zaio eta bientzako animo oihuak entzun ahal izan dira. Tentsioa mailarik gorenean, azken enborra moztuko zuen azken kolpearen zain ziren denak ere, eta, azkenean, eibartarrak hartu dio aurrea azpeitiarrari. 

Aizkolarien sentipenak

Vicentek "urtea borobildu" du gaur Azkoitian, Euskal Herriko laugarren txapela lortuta. "Egundoko poza dut urteko helburu nagusiena bete dudalako. Txapel honekin pentsatzen dut urte guztian, eta lortu ondoren, lasaitasuna eta poza ditut barnean". Hirugarren enborrerako lortu du hark aurreneko tartetxoa zabaltzea gainerako aizkolariekiko eta lanen erdia egitean, minutu eta erdikoa. "Nire martxan hasi naiz eta ikusi ditut tarte batean besteak aurretik ere. Ordea, nire lanean zentratu naiz eta 60 ontzakoetan eta aurreneko oinbikoetan bestelako indar batekin aritu naiz. Une hori baliatu nahi nuen besteei tarte pixka bat ateratzeko. Seigarren egurra ere oso-oso gogorra zen, eta bereziki saiatu naiz lana ondo egiten. Abantaila dezentea hartu eta hortik aurrera saiatu naiz horri eusten".

Laugarren txapela lortu du Vicentek, eta Jose Ignazio Orbegozo Arria II.aren txapelak berdindu ditu. Urrundu ditu oraindik Mikel Mindegiaren bederatzi txapelak, baina bidean da. "Nire bizitzako ametsa zen txapelketa hau, gutxienez, behin irabaztea. Aurten laugarrena lortuta, ikaragarri gustura nago eta etorkizunerako ere ongi ikusten naiz, eta motibazioz gainezka". 

Vicenterekin batera, Ezpeleta izan da eguneko protagonista nagusia, erakustaldi latza eman baitu hark bosgarren postutik bigarreneraino heltzeko. "Urduri etorri naiz finalera, eta uste baino okerrago hasi naiz; hasieran azkena ere ikusi naiz. Ordea, hirugarren eta laugarren oinbikoak hobeak izan dira, gorputza ere askeago sentitu dut-eta orduan. Lagunen, aitaren eta etorri diren guztiez laguntzaz, sufrituta lortu dut aurrera egitea, eta espero ez nuen postuan amaitu dut. Momentuko pozarekin gelditzen naiz", esan du txapeldunordeak.

Larrañaga "penatuta" agertu da azken unean bigarren postuak ihes egin diolako. "Bigarren oinbikoan dezenteko adarra agertu zait egurrean, eta une horretan astindua eman diot gorputzari, 60 ontzako enborrak ere gogorrak egin zaizkit, eta bukaerara nekatuta iritsi naiz. Hori gutxi ez, eta ikusi dut Ezpeleta pixkanaka gerturatzen ari zitzaidala, eta horrek niri motorra berotzea ekarri du. Gehiago ezin nuen unean pasatu nau Ezpeletak, azkenean". Enegarrenez zapaldu du podiuma du Larrañagak gaur. "Azken hamar urteetan hemen gabiltza podiumean bueltaka, nahiz eta behin ere ez dudan lehen postua lortu; ea egunen batean ailegatzen den momentu hori", adierazi du Azpeitiko aizkolariak.

Azkoitikoak ere antzerako sentipenak zituen amaieran. Txikia IV.a "ondo" hasi da, "sentsazio onak" izan ditu hasierako enborretan. "Indartsu hasi naiz, baina aurretik dena emanez gero, amaieran orduko indarrak falta izaten dira, eta horixe gertatu zait. Amaieran joa edo freskotasuna nabaritu dut faltan, baina indar guztia oinbikoetan xahutu dudanez, ez zegoen amaieran mirari handirik egiterik". Dena den, erditik aurrerako egin du hark atzera sailkapenean. "Egoera kontrolpean ikusi dut, ondo nindoala sentitu dut, baina hirugarren eta laugarren oinbikoak itxi egin ditut, eta gainera, adar txiki bana ere egokitu zait enbor horietan. Une horretan goia jo dut, eta katigatu egin naiz. Aurretik ere nahikoa justu nintzen, eta egoera horixe bakarrik falta nuen guztiz leher egiteko", azaldu du azkoitiarrak. 

Atarikoan, emakumeen dema

Gizonen finalari ekin aurretik, Nerea Sorondok, Nerea Arrutik eta Laiene Pikabeak erakustaldia eskaini dute. Aurtengo Euskal Herriko Txapelketako podiuma osatu duten hiru aizkolariak nor baino nor gehiago aritu dira Azkoitian, eta gaur Arruti izan da onena, hiru enbor hamahiru minutu eta 58 segundoan ebakita. Pikabea sailkatu da bigarren, lanak hamasei minutu eta 45 segundoan amaituta, eta Sorondo Euskal Herriko txapelduna hirugarren, Pikabearengandik 47 segundora.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide