Gaur eta bihar artean Klima aldaketari aurre! izeneko erakusketa egongo da ikusgai, herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretoan. Asteklima 2025, Euskadiko Klima eta Energiaren Astearen barruan zabaldu dute bederatzi panelek osatutako erakusketa. Goizean zabaldu dute Portaleburu aretoa, eta ikastetxeetako zenbait ikaslek egin dute bisita.
Klima aldaketa zer den, zergatik sortzen den eta eragiten dituen kalteak zein diren azaltzen dute bederatzi panelek, besteak beste. Gainera, klima aldaketari aurre egiteko eta bere ondorioetara egokitzeko har daitezkeen neurri pertsonalak zein kolektiboak zein izan daitezkeen ere azaltzen dute panelek. Mundu mailan fenomeno horren egoera zein den erakusteaz gain, herrira ere ekarri dute gaia; izan ere, energia kontsumoari eta berotegi efektuko gasen emisioei dagokienez Azkoitiko egoera zein den ere jaso dute.
Gaur, astelehena, 13:00etara arte egongo da zabalik erakusketa goizez, eta arratsaldean, 16:00etatik 20:00etara Bihar, berriz 09:00etatik 13:00eetara eta 16:00etatik 20:00etara ikusi eta irakurri ahal izango dira Portaleburuko panelak. Erakusketa edonorentzat dago zabalik, eta haren arduradunen eskutik azalpenak entzuteko aukera ere izango dute herritarrek.