Espeleologia eginez, barrutik ezagutu dute hainbat lagunek Laminetako koba

Andoni Elduaien 2025ko urr. 20a, 08:51

Zapatuan izan ziren Lekeitio eta Berriatua (Bizkaia) herrien artean dagoen Milloi mendatearen azpiko Laminetako koban. Haitzulo horren barrunbeak ezagutu zituzten dozenaka lagunek. Datorren ostiralean, berriz, Paulina Biegun mendizalearen hitzaldia izango da Elkargunean.

Anaitasuna mendi bazkunak antolatuta, espeleologia irteera egin zuten hainbat lagunek herenegun, zapatua. Lekeitio eta Berriatua (Bizkaia) herrien artean dagoen Milloi mendatearen azpiko Laminetako koba bisitatu zuten herritarrek.

08:30ean abiatu ziren Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, eta irteera amaitu bezain pronto itzuli Azkoitira. Hainbat ordu igaro zituzten irteeran parte hartu zuten herritarrek kobazuloan barnean. Arnesek lagunduta, gune aktiboa zeharkatuz hasi zuten bidea. Ibaiaren ur emariaren hotsak bidelagun, ur jauziraino ere igo ziren abentura zaleak. Harizko tarteak igo zituzten, galeria fosiletara iristeko.

Ostiralean, hitzaldia

Datorren ostiralean, urriak 24, Paulina Biegun mendizalearen hitzaldia izango da Elkargunean (18:00). Espainian bizi den mendizale poloniarrak eroriko larria izan zuen Pico de la Forcanadan (Val d 'Aran), eta heriotzaren atarian izan zen gertakari haren ondorioz. Biegunek bere esperientzia partekatuko du De la roca a la resiliencia izeneko hitzaldiarekin. Hitzaldia doakoa izango da herritar ororentzat. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide