Alberto Vazquez zuzendariaren 'Decorado' animazio filmari jarri dio musika Joseba Beristainek

Andoni Elduaien 2025ko urr. 17a, 11:07

Beristain, goian ezkerretik hirugarrena, Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldian. (Utzitakoa)

Alberto Vazquez zuzendariaren azken lanerako musika egin du artista azkoitiarrak, 'Pollo Crazy' izenekoa. Genero bezala, elektronika iluna erabili du Beristainek. Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldian aurkeztu dute filma, jaialdi horretako sail ofizialean ari baita lehiatzen lana. 

Joan den igandean, hilak 12, estreinatu zuten Decorado helduentzako animaziozko filma Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldian. Jaialdi horretako sail ofizialean ari da lehiatzen Alberto Vazquezek zuzendu duen azken filma, eta aurreko zenbait alditan bezala, proiektu horretako kideetako bat da Joseba Beristain musikagile azkoitiarra.

Hain justu, konpositore azkoitiarrak sortu du animaziozko film horretarako musika, Pollo Crazy izeneko kanta. Azkoitiarrak konposatutako abesti hori zinema musikaren pieza bat da, eta dark electronics edo elektronika iluna generoa da nagusi. Erritmo biziko abestia da, energia handikoa, eta filmean tentsio edo ekintza handiak erakusten diren eszenetan txertatu dute.

Zuzendariak eta konpositore azkoitiarrak lankidetza bat baino gehiago egin dituzte azken urteetan. Hain justu, Unicorn Wars filmarekin (2022) jatorrizko abesti onenaren Goya sarietarako izendapena lortu zuen Beristainek; filmak lortu zuen saria, baina azkoitiarraren musikak ez. Abano Producions Galiziako ekoiztetxearen eta egoitza Bilbon duen UniKo ekoiztetxearen arteko koprodukzioaren emaitza da Decorado, eta filma urriaren 24an, ostiralez, hasiko dira eskaintzen zinema aretoetan.

Vazquezek 2016. urtean Goya saria irabazi zuen 2016ko film laburrean oinarrituta, kris batean dagoen sagu baten bizitza erakutsiko du; inguruko guztia dekoratu bat besterik ez dela pentsatzen hasiko da hura. Film laburraren sustapeneko esaldiak adierazten zuen moduan, "mundua eszenatoki zoragarria da, baina aktore zerrenda negargarria du".

Hona hemen filmaren aurrerapen bideoa, Beristainen musikarekin: 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide