Isilune Zirkuluak atzo, osteguna, egin zuen urriko elkarretaratzea. Migratzaileen aldeko kontzentrazioa egin zuten atzo, haiek "itxaropenaren mezulariak" direla nabarmentzeko. Hileko hirugarren ostegunero bezala, 20:00etan elkartu ziren plazan dozenaka lagun, eta horiek guztiek gogoetarako itzuliak eman zizkioten plazari.
Isilune Zirkuluaren atzoko elkarretaratzearen deitzaileek adierazi zuten migratzaileak izatea "egungo ezaugarrietako bat" dela onartu behar duela gizarteak. "Denok izan gara nomadak eta izaten jarraitzen dugu. Denok mugitzen gara etengabe batetik bestera. Mugimendu hori batzuetan askea eta beste batzuetan egoerak behartua izatean datza desberdintasuna", azaldu zuten.
Datu bat ere eman zuten segidan: haien arabera, Europako biztanleriaren %12a da egun migratzailea. "Migratzaileek, interesen ikuspegitik, funtsezko sektoreei eusten diete, hala nola zaintzari, nekazaritzari edota eraikuntzari. Laguntzetan jasotzen dutena baino gehiago ematen dute, eta gizarteak berritzea ahalbidetzen dute. Utziko bagintuzte, berriro deitu beharko genieke gure jasangarritasunerako premiazko behar gisa". Isilune Zirkuluak nabarmendu zuen aurreko esana "begirada interesatu eta berekoi batetik" egindakoa litzatekeela, eta horren guztiaren gainetik, "senide izaera" berretsi eta aldarrikatu zuten.
Hori horrela, migratzailearekiko erredukzionismoa salatu zuten plazan bildutakoek, haien ustez migratzaileei begirada abantaila zale eta ekonomikoarekin soilik begiratzen zaiela eta. Era berean, migratzaileak "gure nazioarentzako kaltegarri" direla esaten duten politikak salatu zituzten. Harago ere jo zuten, ordea: "Gurekin dauden hainbat pertsona migratzaile, gure senideen bizitza tragedia bihurtzen jarraitzen duten politika iraunkorrak salatzen ditugu", esan zuten.
Elkarretaratzea amaitzeko, ongietorria eman zieten migratzaile guztiei, honako hau irakurrita: "Ongi etorri anai-arrebak, eta eskerrik asko opari bat zaretelako eta partekatzen dugu lur honetan itxaropen eramaileak eta haziak zaretelako".