Herriko beste hiru poligonotako lursailak mugatzeko lanak hasi ditu udalak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 14a, 10:28

Herriko muga bat. (Artxiboa)

9, 13 eta 14 poligonoetako landa lursailak mugatzeko lanei ekin die udalak. Eremu horietako lur jabeen lankidetza eskatu du erakundeak, eta proiektuaren aurkezpen bileran parte hartzeko dei egin diete horiei. Urriaren 30ean bi bilera egingo dituzte Elkargunean, bat goizez, eta bestea, arratsaldez.

Udalak beste hainbat poligonotako landa lursailen mugatze lanak hasi ditu. Duela urte batzuk abiatutako lanketari jarraipena emanez, udalerriko 9, 13 eta 14 poligonoetako lursailak mugatzeko lanei ekin die orain erakundeak. Aurrez, udalerriaren hegoaldeko hamaika poligonotan egin du udalak lanketa, zehazki, 10, 11, 12, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22, 23 eta 24 poligonoetan, eta orain, zenbaki horien guztien hurrenkera osatzeko falta diren hiru zenbaki horietakoa hasiko du.

Aurreko urteetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuaren diru laguntza erabilita hasi da udala landa lurretan kokatutako 535 hektareako azalera duten 370 lursail baino gehiago mugatzen. Horretarako, Geograma enpresaren laguntza teknikoa jaso du erakundeak.

Landa lurrak mugatzeko proiektuaren helburuak mugetan egon daitezkeen akats posibleak argitzea nahiz zuzentzea eta mugei zein mugarriei GPS koordenatuak ematea dira. Udalerriaren hegoaldeko landa lurren mugatze lanak egin ditu erakundeak azken urteetan –beheko irudian ikus daiteke laranja kolorez orain arte egindakoa–, eta udalerriaren iparraldeko gainerako poligonoen mugatzeak "hurrengo urteetan" egingo direla jakinarazi du. Udalarentzat erronka "oso garrantzitsua" da, landa lurraren hedadura "handia" baita. 

Lanketa hori orain egin beharreko kontua da erakundearen aburuz. "Jabeen edo haien oinordekoen landa ondasunen inguruko ezagutza faltak edo ezjakintasunak mugak nahastea edo besterik gabe desagertzea eragiten du. Horrek, mendia ez zaintzea eragiten du eta ondorio larriak eragiten ditu landa munduan", azaldu du erakundeak.

Azken urteetan  egin den lanketa laburbiltzen duen irudia. (Udala)

Lankidetza, funtsezkoa

Mugatze lanak behar bezala gauzatzeko, lursailen jabeekin kolaboratzea "ezinbesteko baldintza" da udalarentzat; izan ere, lur jabeek beren auzokideekin lursailen mugak eta mugarriak adostu behar izaten dituzte. Erakundeak adierazi duenez, 158 jabe baino gehiagok kolaboratu dute orain arte proiektuan, eta horiek, emaitza gisa, markatutako mugak eta mugarrien koordenatuak dituzten planoak jasoko dituzte lanak amaitutakoan. Gainera, behar izanez gero, Katastroko mugak zuzendu zaizkie lur jabeei.

Ordea, mugen lanketarekin aurrera jarraitu ahal izateko, lursailen arduradunen lankidetza eskatu du udalak. "Lanak egiteko ezinbesteko baldintza da. Auzokideen artean adostasunik ez badago, proiektua ezin da gauzatu", adierazi du udalak. Erakundeak esan du jabeen parte hartzea "borondatezkoa" dela, eta horiei ez dietela gastu ekonomikorik suposatuko. Ordea, aldez aurretik lursailen mugak garbitzea, mugarriak topatzea eta mugakideekin mugak adostea funtsezkoa izango da neurketa topografikoak egin ahal izateko.

Aurkezpen bilera

Azkoitiko 9, 13 eta 14 poligonoetako landa lursailak mugatzeko lanak egin ahal izateko, udalak lursail horietako jabe guztiak deitu ditu urriaren 30ean, ostegunez, Elkarguneko Oteiza aretoan egingo duten proiektuaren azalpen bileran parte hartzera. Udalak azaldu duenez, hitzordurako deialdia eginez gutun bat jasoko dute lur jabeek datozen egunetan.

Bi bilera egongo dituzte urriaren 30ean, Elkargunean: bata, 11:30ean hasiko da, eta bestea, 17:30ean. "Guztioi interesatzen zaigun proiektua da. Udalak lankidetza eskertzen du", azaldu du erakundeak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide