Zortzi helburu eta 83 ekintza jaso ditu udalak Klima eta Energia Planean

Andoni Elduaien 2025ko urr. 1a, 10:44

Plazaberriko eraikinak, eliz atariko zubitik. (Andoni Elduaien)

Planak zortzi helburu edo ildo estrategiko jasotzen ditu udalaren planak, eta horien betetzera begira, 83 ekintza dituen gidalerro bat osatu dute. Erakundearen esanetan, 2050. urterako lortu beharreko klima neutraltasuna da Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Planaren norabidea mugatzen duen "jomuga nagusia". 

Azkoitiko Udalak Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Plana osatu du. Erakundeak joan den astean egin zuen iraileko ohiko udalbatzarra, eta han onartu zuten plana behin betikoz. Udaleko Ingurumen sailak 2022an hasi zuen klima eta energiari buruzko diagnostikoaren lanketa, eta hiru urte geroago, plana osatuta du.

Udalak azaldu duenez, plana osatzeko lanketan "parte hartze zabala" izan da; udaleko ordezkari politikoek, teknikariek DBH mailako ikasleek eta Ingurumen Mahaiak egin dituzte ekarpenak, besteak beste. Horrekin batera, udalak galdetegi bat ere zabaldu zuen herritarren artean, haiek beren ekarpenak egin zitzaten.

2050. urterako lortu beharreko klima neutraltasuna da planaren norabidea mugatzen duen "jomuga nagusia". Ordea, erakundearen aurreneko erronka bost urtera begirakoa da. "Begirada 2030ean kokatuko da, energia efizientziari eta energia berriztagarrien erabilerari dagozkion egin beharrekoak askotarikoak baitira. Etorriko diren aldaketen aurrean, gizarteak prest egon behar du, eta xede hori ere badu planak. Izan ere, erakundeez gain, gizarte osoa da subjektu proaktiboa", azaldu du udalak.

Zortzi helburu, 83 ekintza

Planak zortzi helburu edo ildo estrategiko jasotzen dituen. "Bidezko trantsizioa" aurrera eramateko, honako helburu estrategikoak jasotzen ditu planak: energia aurreztea eta eraginkortasuna sustatzea; tokiko energia sorkuntza berriztagarria sustatzea; mugikortasun jasangarria bultzatzea, garraio publikoan eta motorrik gabeko mugikortasun moduetan oinarritua; klima agertokietara egokituko diren hiri plangintzak eta diseinuak sustatzea; klima aldaketak pertsonen osasunean eta ongizatean dituen eraginak murriztea; natura inguruneak babestea; klimarekin lotura duten erronkei erantzutea ahalbidetuko duen gobernantza eredua antolatzea; eta azkenik, herritarren parte hartzea eta aktibatzea sustatzea.

Zortzi helburu horiei begira, ekintza zehatz batzuk zehaztu ditu udalak, besteak beste, ekintza horiek gauzatzeko arduradunak, lehentasunak eta epeak idatzita jasoz. Dokumentu horretan, besteak beste, gauzatu beharreko 83 ekintza aurreikusi dituzte, guztira. Ekintza horien guztien %58k klima aldaketa arintzea du helburu; neurrien %35ak aldaketara egokitzeko neurriak jasotzen ditu; eta gainerako %7ak herritarren parte hartzeari egiten diote erreferentzia.

Erronkak eta eginbeharreko lanketak "ukaezinak" dira udalarentzat. Bide-orri hori osatzeko, legediak hainbat helmuga ditu zehaztuta, eta horiek ditu orain erakundeak jomugan. Energia kontsumoari dagokionez, eta 2018ko kontsumo datuekin alderatuta, udalak %35 murriztu beharko du kontsumoa 2030erako, eta 2050erako, %60. Udalak emandako datuen arabera, egun kontsumitzen diren 5.515.010 kWh-tik 3.584.757 kWh-ra jaitsi beharko du kontsumoa 2030erako, eta 2.206.004 kWh-ra 2050erako.

Ordea, energia iturri berriztagarrietatik sortzeko neurriak ere jaso planak. Legediak jasotakoaren arabera, 2030erako kontsumo guztiaren %32 adinakoa izan beharko du berriztagarrien bidezko sorkuntzak. Hori horrela, energia kontsumoa 3.584.757 kWh-koa izatea lortzen bada, 1.147.122 kWh iturri berriztagarrietatik sortu beharko du udalak. Energia mota hori sortzeko, hiru instalazio ditu egun erakundeak; Xabier Munibe Ikastolan, Gaztanenea jauregian, eta Ugarteigaran igerilekuan daude gune horiek. Berotegi efektuko gasei emisioei dagokienez, 2030erako %40 murriztu beharko du udalak 2015 urtearekiko, eta %80, 2050 urterako.

Alderdien iritziak

Iraileko udalbatzarrean eman zioten behin betiko onespena planari. Ana Azkoitia alkateak azaldu zuen legez dagokiela instituzioei halako plan bat egitea; hain justu 2023. urterako izan behar zuten instituzioek halako plan bat eginda. Hori hala, udalak Izadi 21 aholkularitza taldea kontratatu zuen lanketa martxan jartzeko, eta orain, emaitza jaso dute. "Plana aurreikuspen bat da, baina horrek ez du esan nahi udalak plan horretatik kanpo beste ezer ez duenik egingo; ziur nago dokumentu honetatik kanpo egin beharreko lanak ere sortuko direla", azaldu zuen. Ekintzaz betetako gidalerro bat da plana, eta Azkoitiak uste du "lagungarria" izango zaiela bai teknikoei, bai politikariei klima eta energia trantsizioaren aurrean. 

EH Bilduko Asier Altuna bozeramailearentzat, berriz, "urrats txiki bat" baino ez da. "Urrats sendoagoak eman behar dira, besteak beste, berotegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko, elementu kalteberak identifikatzeko eta herri mailako plangintzetan eta udal ordenantzetan egin daitezkeen aldaketak aztertzeko", esan zuen. Planari lotuta, "inbertsio gehiago" eskatu zuen Altunak, eta besteak beste, energia bulego baten beharra azpimarratu zuen, herritarren artean "kontzientziazioa" lantzeko. Era berean, herriko eraikinetan eguzki plaka gehiago jartzea eta energia hidroelektrikoaren aukerak aztertzea eskatu zuen. 

Oposizioko beste bi alderdiek iritzi desberdinak eman zituzten. Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizentzat, esaterako, "asmo handikoa" da plana, baina azaldu zuen udalak egun ez duela "nahikoa baliabide". PSE-EEko Janire Igoak, bestalde, azaldu zuen planak "ekintza zehatzak" dituela, eta "jarraipen argia" egiteko balioko duela. Sozialisten iritziz klimaren aldaketari aurre egiteko "urrats garrantzitsua" izango da plana. 

Udalak ondu duen Klima eta Energia Iraunkorraren aldeko Plana lotura honetan kontsultatu daiteke. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide