Klimarekiko konpromisoak "nahita" ez betetzea egotzi dio Eguzkik udalari

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 26a, 13:20

Ana Azkoitia alkatea, iaz, Eloge saria jasotzen. (Eudel)

Ingurumenari lotutako aurrekontu akordioa ez betetzea leporatu dio beste behin Eguzkik Azkoitiko Udalari, eta erabaki horretan erakundeak erakutsi duen gardentasun falta gaitzetsi du. Horrek, Eguzkiren ustez, udalak iaz jaso zuen Eloge zigiluaren printzipioak urratu ditu, beraz, galdegin dio zehaztu ditzala zigilu horretara bideratzen dituen gastuak.

Eguzkik gogor salatu du Azkoitiko Udalaren gardentasun falta eta gobernantza onarekiko erakutsi duen "mespretxua". Gogoratu duenez, Arartekoak abuztuan ebatzi zuen Ana Azkoitiak gidatzen duen erakundeak informazioa ukatu ziola talde ekologistari, eta taldeak ingurumenari lotutako aurrekontua ez betetzearen arrazoiak azaltzeko eskatu zion udal gobernuari. Erantzunak, ordea, ez du Eguzki astebete, eta salatu du Eloge zigiluak zehazten dituen printzipioei "nahita" muzin egiten ari zaiola udala.

Tokiko gobernuen kalitate gorena egiaztatzen du Europar Kontseiluaren Eloge zigiluak. EAEn Eudel arduratzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerriei sari hori emateaz, eta iazko uztailean Azkoitiko Udalak jaso zuen aintzatespena.

Ordurako, 2024ko aurrekontuetarako 18.000 euroko partida sinatua zuen udalak oposizioarekin. Diru partida horrekin, ibaiaren ondoko baranden azpian saretak jartzera konprometitu zen erakundea, modu horretara, hondakinak ibaira isurtzea saihesteko.

Alta, konpromiso hori ez duela bete esan du Eguzkik. Hori bakarrik ez, gaitzetsi du udalak ez duela hartutako erabakia ez betetzeko arrazoi garbirik eman, eta horrek, talde ekologistaren esanetan, agerian uzten du erakundearen "gardentasun falta".

Eguzkik Arartekoaren aurrean salatu zuen udala maiatzean, informazio hori ukatzeagatik. Herritarrak babesteko erakundeak arrazoia eman zion talde ekologistari, eta udalari galdegin zion eman zitzala eskatutako azalpenak. "Tokiko gobernuaren erantzuna, berantiarra ez ezik, etsigarria ere izan zen", adierazi du Eguzkik. Izan ere, udalak adierazi zuen aurrekontu akordioa ez betetzeko arrazoia "politikoa" izan zela, eta erantzun horrek ez du asebete herriko talde ekologista: "Oposizioarekin sinatutako akordio bat erabaki politiko baten emaitza bada, nola liteke ondorengo beste "erabaki politiko" batek alde bakarretik eta konturik eman gabe deuseztatu ahal izatea?"

Informazio eskaera berria

Akordioa ez betetzearekin eta horren arrazoiak ezkutatzearekin, Eguzkiren aburuz, Azkoitiko Udalak urratu egiten ditu iaz jaso zuen Eloge zigiluak zehazten dituen printzipioak, bereziki, gardentasunarena. Are, udalaren jarrera estrategia hutsa dela uste du taldeak, aurrez erabakita baitzuen ingurumen arloko aurrekontu akordioa ez betetzea. "Hau da, aplikatu nahi ez zituen printzipioengatik sari bat ospatzeaz gain, oposizioa eta herritarrak engainatuta izan zituen, ibaiaren babesari buruzko akordioa beteko zenaren itxaropen faltsua emanez", agertu du.

Eguzkik berretsi du Eloge saria "fatxada politiko" gisa erabili duela udalak; horregatik, erakundeak zigilu horrek zehaztutako planetara bideratzen duen gastuei buruzko informazio eskaera egin dio udalari. "Gure ustez, herritarrek eskubidea dute jakiteko fatxada politiko gisa erabilitako sari baten kostua gure ibaia babesteko akordio bat betetzea baino inbertsio eraginkorragoa ote den", esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide