Anaitasuna mendi bazkunak urte amaierara arteko hitzorduen berri eman du. Datorren asteburuan, Pirinioetara irteera egingo dute herriko mendizaleek; Astun ingurura joango dira dozenaka lagun, aurtengo urtean egingo duten Pirinioetako bosgarren irteeraz gozatzeko asmoz.
Candanchu (Espainia) aldera joango mendizaleak, eta zapatuan zein igandean ibilaldi bana egingo dute: larunbatean, Chemin de la Mature eta Astun zeharkatuko dituzte, bi mila metroko desnibela duen 20 kilometroko ibilbidea eginez; biharamunean, berriz, 730 metroko desnibela eta 13 kilometro dituen beste ibilaldi bat egingo dute Ibon de Estanesen. Irteera horretarako plaza guztiak beteta daudela jakinarazi du Anaitasuna mendi bazkunak.
Ordea, datozen asteetan ere izango da mendizaletasunaz edota ingurumenaz gozatzeko aukerarik. Urriaren 2an, ostegunez, Egoitz Arruti argazkilariak Basografia izeneko hitzaldia eskainiko du Portaleburu erakusketa aretoan (18:30), eta hurrengo egunetik aurrera, hiru eguneko argazki erakusketa zabalduko du gune berean. Basografia proiektuak hainbat urtetan zehar basoan jasotako argazkiak eta bertan bizi diren animalien irudiak ditu oinarri. Urriaren 3an, ostiralez, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik aretoa; urriaren 4an, larunbatez, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara; eta urriaren 5ean, igandez, 12:00etatik 14:00etara.
Urriaren 11n, larunbatez, Gure Txokoak Ezagutzen izeneko egitasmoaren barruko beste irteera bat egingo dute. Oraingo honetan, Sorogainera joko du mendi taldeak, Nafarroako Erroibar ibarreko lurretara. Irteera horri buruzko informazio gehiago ez du eman oraingoz Anaitasunak, baina jakinarazi du laster zabalduko dutela ibilaldirako izen-ematea.
Urriaren 18an, urriko hirugarren larunbatean, espeleologia irteera egingo du mendi bazkunak. Lekeitio eta Berriatua (Bizkaia) herrien artean dagoen Milloi mendatearen azpiko Laminetako koba bisitatuko dute orduan. 08:30ean abiatuko dira Aizkibel liburutegiaren alboko geralekutik, eta irteera amaitu bezain pronto itzuliko dira Azkoitira; asmoa da koba lau edo bost orduan zeharkatzea.
Mendi taldeak dagoeneko ireki du irteerarako izen-ematea, eta honako lotura honetan dagoen galdetegia bete beharko dute horretarako interesa dutenek. Mendi bazkunak bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute irteeran parte hartu ahal izateko, eta bazkide ez direnek, 70 euro.
Hitzordu gehiago, aurrerago
Urriko azken asterako eta azaroko beste bi egunetarako hitzorduak ere zehaztuta ditu Anaitasunak. Nahiz eta Anaitasunak oraindik ez duen saio horien inguruko informazioa osorik eman, zenbait gauza aurreratu ditu. Batetik, urriaren 24an, Paulina Biegun mendizalearen hitzaldia izango da. Espainian bizi den mendizale poloniarrak eroriko larria izan zuen Pico de la Forcanadan (Val d 'Aran), heriotzaren atarian. Bere esperientzia partekatuko du hark De la roca a la resiliencia izeneko hitzaldiarekin.
Azaroan, berriz, bi hitzordu izango dira. Batetik, azaroaren 8an, Gure Txokoak Ezagutzen egitasmoko beste irteera bat egingo dute –mendi taldeak ez du zehaztu nora–, eta bestetik, Mattin Iñiguezen hitzaldia izango da. Azaroaren 14an izango da Zegamako (Gipuzkoa) parapentelariaren hitzaldia. Aurten, Hike & fly modalitateko Red Bull X‑Alps proban parte hartu du hark, Alpeak parapentearekin eta oinez zeharkatuz. Anaitasunak aurrerago jakinaraziko du oraindik zehaztu gabe dituen hitzordu guztien informazioa.