Musika izan da protagonista Udazkeneko Bebarruko Jardunen lehen asteburuan

Ane Olaizola 2025ko ira. 21a, 08:36

Jurgi Ekiza, atzo, Matadeixen. (Matadero Ekintzak)

Los Voluble bikoteak zabaldu du aurtengo egitaraua, eta atzo, berriz, Jurgi Ekiza Willis Drummond musika taldeko kantariak eta gitarristak girotu zuen aretoa; Argitzala bakarkako azken lana aurkeztu zuen hark. 

Matadero Ekintzazkek ostiralean ekin zien Udazkeneko Bebarruko Jardunei, Los Voluble bikotearen kontzertuarekin, eta atzo, berriz, Jurgi Ekiza Willis Drummond musika taldeko kantariak eta gitarristak bere bakarkako bigarren lana aurkeztu zuen hainbat lagunen aurrean: Argitzala. Beraz, musika izan da protagonista Bebarruko Jardunen lehen asteburuan.

Urriaren 18an jarraituko dute Bebarruko Jardunek Matadeixen. Presoen aldeko Salhaketa elkartearen hitzaldia izango da egun horretan. 1982tik presoen eskubideen defentsan dihardu elkarteak, eta zigor sistemaren nahiz espetxe politikaren aurkako kritikan lan egiten du. Elkarte horrek giza eskubideen ikuspegitik aztertzen du espetxe sistema, eta bere helburua da zigor bidezko justiziaren alternatibak bilatzea, batez ere birgizarteratzearen, zigorgabetasunaren eta kontrol sozialaren aurkako borrokan oinarrituta. Ondoren, Sin Poli kolektiboak emango du hitzaldia. Polizia-boteretik kanpoko gatazkei aurre egiteko ikerketa-taldea da Sin Poli, eta kolektiboki ikertzen du poliziarik gabeko bizimodua. Gainera, polizia boterea gizarte mailako gatazketatik aldentzearen alde egiten du lan. Bi talde horien saioen bueltan, tailerrak izango direla ere aurreratu du Matadero Ekintzakek. Eguna amaitzeko, 22:30ean, Putan Club taldeak eskainiko du kontzertua. François R. Cambuzatek eta Gianne Grecok osatzen dute Putan Club, eta 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte honezkero Europan, Afrikan zein Asian.

Urriaren 25ean, azkenik, bi musika talde igoko dira Matadeixeko oholtzara. Aurrena, Les Conches Velasques taldearen txanda izango da: Pablo Jimenezek hasitako bakarkako proiektua Les Conches Velasques banda bihurtu zen gerora, Picore bateria-jotzailea Jesus Landa, Sergio Segura eta Sweet Williams elkartu zirenean. Zaragozako (Espainia) taldeak hipno-punk marka darama soinean, baina Mendebaldeko Afrikako erritmoen eta post-punkaren oinarrien gaineko zertzeladak ere aurkeztu ohi ditu.

Ondoren, Massa Confusa musika taldearen txanda izango da, roxk alternatiboa, post-punka eta elektronika doinuak nahasten dituen proiektu esperimentalarena. Egun Donostian bizi da taldea, baina Erresuma Batuan sortu zen; izan ere, 2012tik 2017ra Durhamnen, Newcastlen aritu ziren. Gainera, autoekoizpenerako DIY filosofiarekin lan egiten du taldeak. Hasieran, Ally Mortonek abiatu zuen bakarkako proiektua, baina, gero, Matt O'Brien batu zitzaion hari. Beraien lanetan soinu iluna, sintetizadoreak eta estilo apurtzailea dira nabarmentzekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide