Azkoitiko Musika Bandak kontzertu berezia eskaini du gaur eguerdian, San Jose adinekoen egoitzan izan baitu musika hitzordua. Hango kideei, egoiliarrei zein beren senideei eskainitako emanaldia izan da, eta han elkartu direnek gustura entzun dituzte musika doinuak.
Carlos Muñozen zuzendaritzapean, Azkoitia piezarekin hasi dute kontzertua, eta askotariko piezekin osatu dute gero errepertorioa. Berotik ihesi, itzalpean babestu dira musikariak zein han elkartutako dozenaka entzuleak.