Gizon bati sexu erasoa egitea eta hura legez kanpo atxikitzea leporatuta, bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak

Julene Frantzesena 2025ko ira. 18a, 12:36

Ertzaintzaren autoa.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, asteartean ertzain etxera joan zen gizon bat, sexu eraso baten biktima izan zela eta legez kanpo atxiki zutela salatzera. Erasoa joan zen astelehen arratsaldean Azkoitiko etxebizitza batean egin ziotela esan du biktimak, eta gertaerarekin lotura dutelakoan 33 eta 25 urteko bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen asteartean, Azkoitiko etxebizitza batean gizon bati egindako sexu erasoarekin, hura legearen aurka atxikitzearekin nahiz hari eragindako lesioekin zerikusia dutelakoan.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, asteartean gizon bat joan zen ertzain etxera, sexu eraso baten biktima izan zela eta legez kanpo atxiki zutela salatzera. Haren arabera, astelehen arratsaldean gertatu zen erasoa Azkoitiko etxebizitza batean. Bere borondatearen aurka atxiki eta fisikoki nahiz sexualki erasotu zutela salatu du gizonak.

Erasoa jasan zuen gizonaren arabera, hiru gizonek parte hartu zuten erasoetan, eta horietako bat biktimaren bikotekide ohiaren oraingo bikotekidea da. Ustezko hiru erasotzaileetako bi atxilotu ditu dagoeneko Ertzaintzak, eta hirugarrena atxilotzeko ikerketa martxan duela esan du poliziak. Atxilotutako bi lagunek 33 urte eta 25 urte dituzte, delitu historia luzea eta polizia aurrekariak dituzte horiek, hurrenez hurren. Epailearen eskuetan daude dagoeneko biak ala biak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide