Mundu zabaleko janariak prestatzen ikasten hasi dira hainbat lagun

Andoni Elduaien 2025ko ira. 16a, 09:02

Hainbat lagunek parte hartu zuten atzo arratsaldeko hitzorduan. (Udala)

Igandean ospatuko den Kulturartekotasun Jaiaren barruan, munduko janariak prestatzen ikasteko ikastaroa hasi zuten atzo, Elkarguneko sukaldean. Ostegunera bitartean, egunero izango dira saioak han.

Atzo, astelehena, hasi zuten mundu zabaleko janari desberdinak prestatzen trebatzeko ikastaroa. Datorren igandean, Kulturartekotasun Jaia eta Garapenean Bidelagun egitasmoa ospatuko ditu herriak, eta iaz bezala, aurten ere munduko hainbat txokotako ohiturak, usadioak eta koloreak zabalduko dituzte herrian Azkoitira etorritako bizilagunek.

Ordea, igandeko egunak balioko du nazioarteko gastronomia gertuagotik ezagutzeko ere; izan ere, munduko janari desberdinak dastatzeko eta gozatzeko parada eskainiko du jaiak. Egun horren atarian, eta jateko eskaintza hori ezagutzeko asmoz, atzo ekin zioten udalak antolatutako ikastaroari. Hitzordurako aurrez izena eman duten hainbat lagunek parte hartu zuten Elkarguneko sukaldean egindako saioan. Zenbait udal ordezkari ere gerturatu ziren ikastarora.

Atzo bezala, gaur, bihar eta etzi izango dira beste saioak, eta horietan beste kultura batzuetan ohikoak diren sukaldeko errezetak kozinatzen ikasteko aukera izango dute herritarrek, hala nola Latinoamerikako, Afrikako, Asiako eta Europako janariak. Zehatzago izateko, Marokoko, Saharako, Kenyako eta Mexikoko plater tipikoak prestatuko dituzte hitzordu horietan, hurrenez hurren. 

Bi lagun, atzo, janaria prestatzen. (Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide