Matadero Ekintzak taldeak antolatuta, ostiral honetan bertan hasiko dituzte Matadeixen Udazkeneko Bebarruko Jardunek. Ohi bezala, kontzertuak, saioak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira han, iraila eta urria bitartean. Ostiralean, Los Voluble bikoteak irekiko du aurtengo udazkeneko jardunaldia.
22:30ean hasiko da bi hamarkada baino gehiagoko esperientzia duen taldearen emanaldia. Los Voluble taldea aitzindaria da, besteak beste, birnahasketan, live cineman eta folklore digitalean. Flamenkoa, festa eta elektronikaren purismoa modu heterodoxoan jorratzen ditu taldeak, eta pantaila darabilte eduki kulturala eta kritikoa transmititzeko tresna gisa. Horrez gain, ordea, beste hainbat gai jorratu dituzte, hala nola mugak, migrazio prozesuak edota komunikabideak. Taldeak, halaber, hainbat proposamen esperimentaletan ere parte hartu du bere ibilbidean zehar.
Zapatu eguerdian (12:30) Jurgi Ekiza Willis Drummond musika taldeko kantariak eta gitarristak bere bakarkako bigarren lana aurkeztuko du Matadeixen: Argitzala. Musika taldearen etenaldi mugagabea aprobetxatuz, Ekizak bere albumeko zenbait kanta modu intimistan eta gordinean aurkeztuko ditu, baina beste hainbat abesti modu apainduago batean proposatuko ditu.
Urrian, beste bi egun
Aste honetako lehen bi kontzertuen ondoren, Matadero Ekintzak taldeak urriaren 18rako eta 25erako antolatu ditu jardunaldien barruko ondorengo hitzorduak. Urriaren 18an, hitzaldiak, tailerra eta kontzertua izango dira. Goizetik gauera arteko egitaraua izango da lehen egun horretan Matadeixen.
Batetik, presoen aldeko Salhaketa elkartearen hitzaldia izango da. 1982. urtean sorturiko mugimendua da Salhaketa, eta presoen eskubideen defentsan, eta zigor sistemaren nahiz espetxe politikaren aurkako kritikan lan egiten du. Elkarte horrek giza eskubideen ikuspegitik aztertzen du espetxe sistema, eta bere helburua da zigor bidezko justiziaren alternatibak bilatzea, batez ere birgizarteratzearen, zigorgabetasunaren eta kontrol sozialaren aurkako borrokan oinarrituta. Ondoren, Sin Poli kolektiboak emango du hitzaldia. Polizia-boteretik kanpoko gatazkei aurre egiteko ikerketa-taldea da Sin Poli, eta kolektiboki ikertzen du poliziarik gabeko bizimodua. Gainera, polizia boterea gizarte mailako gatazketatik aldentzearen alde egiten du lan. Bi talde horien saioen bueltan, tailerrak izango direla ere aurreratu du Matadero Ekintzakek. Eguna amaitzeko, 22:30ean, Putan Club taldeak eskainiko du kontzertua. François R. Cambuzatek eta Gianne Grecok osatzen dute Putan Club, eta 700 emanaldi baino gehiago eskaini dituzte honezkero Europan, Afrikan zein Asian.
Urriaren 25ean, azkenik, bi musika talde igoko dira Matadeixeko oholtzara. Aurrena, Les Conches Velasques taldearen txanda izango da: Pablo Jimenezek hasitako bakarkako proiektua Les Conches Velasques banda bihurtu zen gerora, Picore bateria-jotzailea Jesus Landa, Sergio Segura eta Sweet Williams elkartu zirenean. Zaragozako (Espainia) taldeak hipno-punk marka darama soinean, baina Mendebaldeko Afrikako erritmoen eta post-punkaren oinarrien gaineko zertzeladak ere aurkeztu ohi ditu.
Ondoren, Massa Confusa musika taldearen txanda izango da, roxk alternatiboa, post-punka eta elektronika doinuak nahasten dituen proiektu esperimentalarena. Egun Donostian bizi da taldea, baina Erresuma Batuan sortu zen; izan ere, 2012tik 2017ra Durhamnen, Newcastlen aritu ziren. Gainera, autoekoizpenerako DIY filosofiarekin lan egiten du taldeak. Hasieran, Ally Mortonek abiatu zuen bakarkako proiektua, baina, gero, Matt O'Brien batu zitzaion hari. Beraien lanetan soinu iluna, sintetizadoreak eta estilo apurtzailea dira nabarmentzekoak.