Mar Mar Teatroa konpainiak Elara, bidaia bat izarretara antzezlana aurkeztuko du datorren igandean, hilak 28, Baztartxo antzokian. Asteburu honetan ez da haurrentzako film emanaldirik izango antzokian, baina horren ordez, haurrei zuzendutako euskarazko antzezlan bat ikusteko aukera izango dute.
Maite den norbaiten galerarekiko doluak berdin eragiten die helduei zein haurrei, baina azken horien barneratzeko modua desberdina izan ohi da. Zereginean laguntzeko asmoz sortu zuen Mar Mar Teatroak igandean Azkoitian aurkeztuko duten haurrentzako antzezlana.
Elara protagonistak ezagutzen duen norbait izar-hauts bihurtzen ikusi eta gero, bere bila espaziora joatea erabakiko du. Galaxiatik galaxiara eta planetatik planetara bidaiatuko du hark bizitzaren zentzua ulertzen saiatzeko, eta bien bitartean, bere dolua igarotzeko.
Igandeko antzezlanerako sarrerak salgai daude oraindik. Entradium atarian eskuratu daitezke horiek 3 eta 5 euro artean. Honako lotura honetan eros daitezke igandeko hitzordurako sarrerak online. Dena den, egunean bertan antzokiko leihatilan ere salduko dituzte.
Gukaren zozketa
Azkoitia Gukak, Azkoitiko Udaleko Kultura sailaren eskutik, antzezlanerako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu bere bazkideen artean. Sarreren zozketan parte hartu nahi duten bazkideek honako lotura honetan eman dezakete izena, datorren ostiraleko 12:00etara bitartean.