Gipuzkoako Foru Aldundia Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidean egiten ari den obretan lur jausia izan da gaur, asteazkena. Obra horiek tarteko, hainbat leherketa ari dira egiten Igarango zubia igaro eta Urretxurako bidean, eta gaur, 13:30ean leherrarazi dute mendia. Leherketa horrek, baina, lur jausia eragin du, harriak, lurra eta babeserako jarrita zeuden babes hormak eraitsiz. Luizia Urola ibairaino heldu da, ibai ertzeko petrilak hausteraino.
Une honetan itxita dago Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen errepidea. Lur jausia jasotzea eta errepidea ahalik eta lasterren zabaltzea da aldundiaren asmoa. Erakundeak Gukari adierazi dionez, 23:00 alderako aurreikusten dute gutxi gorabehera errepidea irekitzea, baina lanen arabera, posible da irekiera ordua aurreratzea edota atzeratzea. Aldundiak esan du bihar goizerako irekita egongo dela errepidea.
Aldundia kilometro eta erdian ari da lanak egiten Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepidean. Aurreratzeko bi tarte berri egokituko dituzte, noranzko bakoitzean bana, bide segurtasuna eta trafikoaren arintasuna hobetzeko helburuarekin.
Eragina autobusetan
Zumaia eta Zumarraga arteko ibilbidea egiten duen UK06 autobus zerbitzuan ere eragin zuzena izango du errepidearen itxierak.
La Guipuzcoana autobus etxeak jakinarazi duenez, autobusek beren ordutegiari eutsiko diote, baina ez dira geldituko ez Aizpurutxon, ez Zumarragako Etxeberri auzoan. Izan ere, itxiera tarteko, autobusek Elgoibartik eta Bergaratik bueltan AP-8 eta AP-1 autobideetatik egingo dute Azkoitia eta Urretxu arteko bidea.
Autobidetik egin beharreko bidea luzeagoa denez, La Guipuzcoanak azaldu du posible dela autobusak atzerapenekin iristea.