Gaur, San Roke eguna, andremarietako hirugarren eguna ospatzen ari dira azkoitiarrak, eta ezin esan etxean egoteko daudenik. Askotariko osagaiak izan ditu gaur arratsaldeak ere, egunari gelditzen zaizkion orduek izango dituzten modu berean.
Batetik, Azkoitiko Gazte Asanbladak egitarau bete-betea prestatua zuen gaurko, Gazte Eguna ospatzen ari baitira. Goizean tailerrak egin ostean, eguerdian bazkaria egin dute txosnagunean, eta aipatzekoa da urtetik urtera geroz eta gehiago direla abuztuaren 16ko bazkarira animatzen direnak; gaur 50 bat lagunen bueltan elkartu dira.
Behin indarrak hartuta, Palestinari elkartasuna adierazteko argazkia atera dute plazan, eta ondoren, karropoteoa egin dute herrian barrena. Datozen orduetan, berriz, kontzertuak izango dira txosnagunean. Hain zuzen ere, 21:00etan hasita, Xaribari, Hauek eta Txunba taldeak igoko dira txosnaguneko oholtzara.
Bestetik, udalak antolatutako ekitaldiak izan dira arratsalde guztian, eta ez dira gutxi izan horiek ere. Atzo bezalako berorik egin ez duenik arren, hotzik ez zen gaur ere, eta Balda plazako ur parkea ezin hobeto etorri zaie freskatua hartu nahi izan duten umeei. Gurea pilotalekuan, berriz, Ados Pilota elkarteko pilotarien arteko partidak izan dira, eta partida eta partida artean, Eneritz Arrieta azkoitiarrari omenaldia egin diote; izan ere, pilota uzteko erabakia hartu du. Egunotan jokatuko ditu azken partidak, eta gaurkoa izan du herrian jokatzen zuen azkena.
Kalean, ostera, musika eta dantza izan dira protagonistak. Euskorleans taldea herrian batetik bestera ibili da kaleak musikaz girotzen, eta eliz atarian jendetza batu dute Patxi eta Konpainiaren muxikoek.
Horrekin nahikoa izan ez duenak, datozen orduetan ere topatuko du zerekin entreteniturik Azkoitian. Besteak beste, Merina Gris taldeak kontzertua emango du plazan, 23:30ean hasita, eta aurrez, 23:00etan, suzko erroberek argituko dute zerua.
Hona hemen datozen ordu eta egunetako egitaraua:
Gaur, San Roke eguna:
- 21:00. Kontzertuak txosnagunean: Xaribari, Hauek eta Txunba.
- 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
- 23:30. Merina Gris taldearen kontzertua, plazan.
- 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Bihar, Baserritarren eguna:
- 09:30. 42. Inazio Iriarte margo lehiaketako zigilu banaketa, Portaleburu aretoan.
- 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
- 09:30. Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa eta erakusketa, Plazaberrin.
- Eguerdian, blonda hanburgesa dastaketa.
- 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
- 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
- 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira harri jasotzen; aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza.
- 12:30. Jubilatuen meza, Parrokian.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
- 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
- 17:00. Mus Txapelketa txosnagunean.
- 18:00. Bikote gazteen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
- 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
- 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
- 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
- Ondoren, erromeriak segituko du.
Abuztuak 18, astelehena, Kuadrillen Eguna:
- 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
- 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
- 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
- 14:30. Herri bazkaria, plazan.
- 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
- 17:30. Apar festa, Balda plazan.
- 18:30. Zezena, Plazaberrin.
- 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
- 19:30. UK03 txaranga.
- 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
- Ondoren, suzko zezena, plazan.
- 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
- 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.