Udal ordezkarien, herritarren eta Sahatsakoen dantzak izan dira San Roke eguneko lehen protagonistak

Julene Frantzesena 2025ko abu. 16a, 13:43

Goizean, EAJren udal ordezkariak korporazioan joan dira parrokiara, mezara. Gero, udal ordezkari guztiek aurreskua eskaini diete plazara joandako herritarrei, eta Sahatsako kideek nahiz herritarrek ere jardun dute dantzan. Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna ari dira ospatzen gaur txosnagunean.

Andremariak iritsi dira erdibidera, baina horrek ez du esan nahi festarako abagunerik ez dela izango datozen orduetan. Izan ere, egunotarako ere ekitaldi ugari prestatu dituzte Azkoitiko Udalak nahiz Gazte Asanbladak. Gainera, gaur ere bero egiten badu ere, atzoko konturik ez da; beraz, beroa behintzat ez da festara ez batzeko aitzakia izango.

Gaur goizeko lehen orduetan, atzoko moduan, ekitaldi instituzionalak izan dira protagonista nagusiak; EAJren Udal Gobernuko ordezkariak korporazioan joan dira Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta. 11:00etan meza izan da, eta elizkizuna bukatzean, atzera korporazioan itzuli dira Ana Azkoitia alkatea eta zinegotziak plazara. Bien bitartean atera dira kalera erraldoiak eta buruhandiak, eta asko izan dira haiekin gozatu duten herritarrak.

San Roke eguna izanik, ohiko legez, 12:00en bueltan jendez lepo bete da plaza. Hain zuzen ere, ohitura denez, udal ordezkariek aurreskua dantzatu diete herritarrei. Gainera, dantza ekitaldian parte hartu dute hainbat herritarrek nahiz Sahatsako kideek. Segidan, gainera, kontzertua eskaini du Musika Bandak Kontzejupean.

Bestalde, Gazte Asanbladak antolatuta, Gazte Eguna ari dira ospatzen gaur, larunbaterekin. Eguerdi partean graffiti tailerra egin dute hainbat lagunek Balda plazan, eta gero bazkaria egingo dute txosnagunean.

Hona hemen datozen orduetako egitaraua:

Gaur, San Roke eguna

  • 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 17:00. Elkartasun argazkia txosnagunean.
  • 17:30. Gazte Asanbladaren karropoteoa txosnagunetik abiatuta.
  • 18:00. Udara Caixabank Txapelketako partidak, Gurea pilotalekuan. Aldaregia eta Agirre Oskozen eta Orbegozoren kontra ariko dira
  • 19:00. Euskorleans musika ikuskizuna, kalez kale.
  • 19:00. Patxi eta Konpainiarekin muxikoak, eliz atarian.
  • 21:00. Kontzertuak txosnagunean: Xaribari, Hauek eta Txunba.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Merina Gris taldearen kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Bihar, Baserritarren eguna

  • 09:30. 42. Inazio Iriarte margo lehiaketako zigilu banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa eta erakusketa, Plazaberrin.
  • Eguerdian, blonda hanburgesa dastaketa.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira harri jasotzen; aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza.
  • 12:30. Jubilatuen meza, Parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 17:00. Mus Txapelketa txosnagunean.
  • 18:00. Bikote gazteen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak segituko du.

Abuztuak 18, astelehena, Kuadrillen eguna

  • 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
  • 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezena, Plazaberrin.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Abuztuak 19 eta 20, asteartea eta asteazkena

  • 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide