Hautz lokalaren 'Sue' eta Aberixe taldearen 'Benetako kolpie' lanek irabazi dute XIII. Film Laburren Lehiaketa

Maialen Etxaniz 2025ko abu. 16a, 10:00

Guztira zazpi lan aurkeztu zituzten andremarien barruko film laburren lehiaketara, Eta gertatuko balitz, zer? gaiari erantzunez. Epaimahaiaren saria Sue ikus-entzunezkoak jaso du, ikus-entzuleen saria, berriz, Benetako kolpie lanarentzat izan da.  

Beste urte batez, Azkoitiko plaza jendez lepo bete zen atzo gauean andremarietako XIII. Film Laburren Lehiaketa tarteko. 22:00etan hasita egin zuten film laburren emanaldia. Aurten, zazpi lan aurkeztu dira sariketara, Azkoitiko Udalak jarritako gaia oinarri hartuta: Eta gertatuko balitz, zer?. Hautz lokalak ekoiztutako Sue filmak jaso du epaimahaiaren saria, "istorioaren borobiltasunagatik, xehetasunak kontutan hartzeko gaitasunagatik eta istorioaren koherentziagatik" .

Ikuslegoaren saria, berriz, Aberixe taldeak egindako Benetako kolpie ikus-entzunezkoarentzat izan zen. Epaimahaiaren arabera Aberixek jaso zituen plazan zeudenen partetik txalo gehien. Azken urteetan bezala, buelta bat baino gehiago egin behar izan zituzten irabazlea zein zen erabakitzeko. Finalisten artean izan ziren Txintxarrirena eta Aberixerena.

Zubiaurre igeri elkartekoek ere parte hartu zuten atzoko sariketan, eta oholtzara igotzean gogoan izan zituzten atzo Donostiako itsas zeharkaldian izandako ezbeharrean hildako laguna eta haren familia. Txalo zaparradak hartu zuen plaza.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Film laburrak, osorik ikusgai

Azkoitiko Udalak ikusgai jarri ditu atzoko sariketara aurkeztutako film laburrak. Hemen ikus daitezke: 

Sue - Hautz lokala

Benetako kolpie - Aberixe

Axkoittin Gaztetxie bagenu, zer? - Azkoitiko Gazte Asanblada

Alizen oparixe - Zubiaurre Igeriketa Kluba, Master.

CTK - Samiñoko Bidoie

Gertatze eztanik - Txintxarri lokala

Bisean Bis 22.00 - Lanberzar

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide