Beroa, ekitaldi instituzionalak, meza eta musika, Andremari eguna hasteko

Julene Frantzesena 2025ko abu. 15a, 13:09

Beroa nabari zitekeen goizean goizetik Azkoitian, baina hori ez da aitzakia izan Andremari eguneko egitarauari ez eusteko. Goizean, Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak Alkate soinua eskaini diote Ana Azkoitia alkateari, eta gero, EAJren Udal Gobernuko kideak korporazioan joan dira mezara. Erraldoiek eta buruhandiek haur ugari eraman dituzte plazara, eta Musika Bandak herritar ugari Kontzejupera. Arratsaldean segituko du festak.

Andremari eguna ari dira ospatzen gaur Azkoitian, eta ohiko gisan, ekitaldi instituzionalak, elizkizuna eta Musika Bandaren kontzertua izan dira goizeko protagonistak, baita beroa ere. 

Zubiondoko gaiteroak aritu dira goiz partean kalez kale, giroa alaitzen, eta usadioari jarraituz, Musika Bandako eta Txalkor txistulari taldeko kideek Alkate soinua eskaini diote Ana Azkoitia alkateari, haren etxe atarian. Azkoitiak Endika Larrañaga senarrarekin batera egin die harrera musikariei, eta Carlos Muñoz bandaren zuzendariak lore sorta eman dio Larrañagari.

Gero, plazan elkartu dira musikariak eta EAJren Udal Gobernuko ordezkariak. 10:50ean, Alkate soinua abestiaren doinupean joan dira horiek korporazioan Andre Mariaren Jasokundearen parrokiara. Eliz atarian agurtu du Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak alkatea, eta ordezkari denak elizara sartu dira, Xabier Gomezek gidatutako elizkizunera. Atzoko gisan, gaurko meza ere Xabier Gomezek gidatu du, Sant Feliu de Llobregateko (Bartzelona, Katalunia) gotzain azkoitiarrak. Mezan Parrokiako Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak Pedro Jose Peñagarikanoren Euskaldunen meza abestu dute, eta Jose Luis Frantzesena aritu da organoa jotzen.

Elizkizuna bukatzerako atera dituzte Azkoitiko erraldoiak eta buruhandiak plazara, eta haur eta gaztetxo hainbat joan dira haiekin gozatzera. Kalez kale ibili dira horiek, umeen gozamenerako.

Meza bukatzean, Musika Bandako kideak zituzten zain udal ordezkariek elizaren atarian, eta haiek korporazioan itzuli dira udaletxera. Ordurako hasiak ziren Kontzejupean Andremari eguneko Musika Bandaren kontzerturako azpiegitura muntatzen. 13:00etan hasi da emanaldia, eta herritar ugari joan dira bandaren doinuak entzutera.

Beroak uzten duen neurrian, arratsaldean jarraituko du festak. Egitarauko ekitaldi denak egingo dituzte, baina neurriak ere hartuko ditu Azkoitiko Udalak. Hain zuzen ere, Gurea pilotalekuan izango den pilota jaialdirako hainbat haizagailu jarri dituzte kantxan, kondentsazioa-eta saihesteko, eta hara joaten diren herritarrei ura banatuko dietela jakinarazi du erakundeak.

Halaber, umeentzako jolasak eta tailerra, magia poteoa, antzerki ikuskizuna, gimnastika erritmiko erakustaldia, gaiteroen kalejira, film laburren lehiaketa nahiz kontzertuak izango dira datozen orduetan.

Hona hemen gaurko eta datozen egunetako egitaraua:

Gaur, Andremari eguna

  • 17:30. Caixabank Masters Txapelketako partidak, Gurea frontoian. Peña II.a eta Gabirondo Senarren eta Tolosaren aurka ariko dira, eta Altuna III.a eta Imaz Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.
  • 17:30. Simuladoreak eta Txiki Chef, plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: Iltze, Labankada, Ostikoka eta Derrumbe.
  • 19:30. Markeliñe konpainiaren Artilusio ikuskizuna, Balda plazan.
  • 20:00. Zubiberri gimnastika erritmikoko kideen erakustaldia, Parrokia aurrean.
  • 20:00. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 22:00. XIII. Film Laburren Lehiaketako emanaldia eta sari banaketa.
  • Ondoren, Hits Cover Banda taldearen kontzertua, plazan.

Bihar, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldekoen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Parrokiara, Txalkorreko kideek Alkate soinua jo bitartean.
  • 11:00. Meza Nagusia, Parrokian. Parrokiako abesbatzak, Iraurgi abesbatzak eta Jose Luis Frantsesena organistak parte hartuko dute.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:00. Graffiti eta DJ tailerrak txosnagunean.
  • 12:15. Udal ordezkarien ohiko aurreskua, plazan.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo taldeko gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Bazkaria eta hitzaldia txosnagunean.
  • 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 17:00. Elkartasun argazkia txosnagunean.
  • 17:30. Gazte Asanbladaren karropoteoa txosnagunetik abiatuta.
  • 18:00. Udara Caixabank Txapelketako partidak, Gurea pilotalekuan. Aldaregia eta Agirre Oskozen eta Orbegozoren kontra ariko dira
  • 19:00. Euskorleans musika ikuskizuna, kalez kale.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: Xaribari, Hauek eta Txunba.
  • 19:00. Patxi eta Konpainiarekin muxikoak, eliz atarian.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Merina Gris taldearen kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Etzi, Baserritarren eguna

  • 09:30. 42. Inazio Iriarte margo lehiaketako zigilu banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa eta erakusketa, Plazaberrin.
  • Eguerdian, blonda hanburgesa dastaketa.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira harri jasotzen; aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza.
  • 12:30. Jubilatuen meza, Parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 17:00. Mus Txapelketa txosnagunean.
  • 18:00. Bikote gazteen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak segituko du.

Abuztuak 18, astelehena, Kuadrillen eguna

  • 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
  • 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezena, Plazaberrin.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan.
  • Ondoren, suzko zezena, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Abuztuak 19 eta 20, asteartea eta asteazkena

  • 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.

(Argazkiak: Julene Frantzesena eta Azkoitiko Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide