Festa eta aldarrikapenak uztartu ditu aurtengo andremarietako txupinazoak

Aitziber Arzallus 2025ko abu. 14a, 14:02

Jaiak hasteko bi suziri aireratu dituzte aurten ere Azkoitian: aurrena, 11:00etan, San Martinen, Azkoitiko Gazte Asanbladako kideek eta Aitek eta Juaristi enpresetako langileen ordezkariek; eta bigarrena, 12:00etan, udaletxeko balkoitik, udal ordezkariek eta Azoka Plazakoek. Astelehen iluntzera arte, festak ez du etenik izango.

Dagoeneko andremarietan dira Azkoitian. Festei hasiera ofiziala eman dien suziria udaletxeko balkoitik 12:00etan bota duten arren, ordubete lehenago hasi dituzte jaiak San Martinen elkartu diren dozenaka lagunek, Azkoitiko Gazte Asanbladaren (AGA) deiari erantzunda. Hamaiketakoa egin ostean jaurti dute suziria airera han gazte asanbladako kideek eta Aitek eta Juaristi enpresetako langileek.

Festari ekin aurretik, baina, aldarrikapenentzat tartea hartu dute. Aurrena, Aitekeko eta Juaristiko langileak izan dira hitza hartu dutenak. Bi enpresetan bizi duten egoeraren berri eman dute; besteak beste salatu dute hilabeteak daramatzatela kobratu gabe eta estu, enpresetako zuzendaritzek ez dietela beren esanei jaramorik egiten, eta neke psikologiko handia dutela pilatuta. Eskerrak eman dizkiote AGAri beren borrokarekin bat egiteagatik eta txupinazoa botatzeko beraiekin gogoratu izanagatik.

AGAko kideek, beren aldetik, Sañoa mendian eraiki nahi zuten parke eolikoari ingurumen baimena ukatu izana txalotu dute, eta Sañu Biziriken, Txillarramendi auzo elkartearen eta Errezil Biziriken borroka goraipatu dute, gogora ekarriz batzuetan herritarren eta eragileen eguneroko lanak emaitzak ematen dituela. 

Ondoren, suziria aireratu eta trikiti doinuek lagunduta eta Politika egiteko espazioak bermatu zioen pankartaren atzean kalejiran joan dira denak plazara arte.

Ordurako, hamabiak jotzeko minutu batzuen faltan, ehunka herritar zeuden plazan, eta dena betez joan dan txupinazoaren ordura arte. Eta udaletxeko areto nagusian ere bazen jendea. Ana Azkoitia alkateak hartu du hitza han, besteren artean aurrean zituen Azoka Plazako eragileetako ordezkariei eskerrak emateko, haiek izan baitira aurten festei hasioera ofiziala eman dute suziria aireratzeko ohorea izan dutenak. Urteetan bezero dituzten heritarrei eskerrak eman dizkiete udaletxeko balkoitik, eta gainontzeko herritarrei Berdura Plazara bertaratzeko deia egin diete. 

Ana Azkoitia alkateak, berriz, baserritarrek zein Berdura Plazako gainontzeko eragileek egunero-egunero egiten duten lanaz hitz egin die herritarrei, eta horiek ez ezik, une gogorrak bizi dituzten munduko hainbat tokitako herritarrak izan ditu gogoan, Plalestinakoak, Ukrainakoak eta Saharakoak, hain zuzen. Azkoitiarrei festak zukutzeko eta gozatzeko eskatu die, egunez eta gauez, baita errespetuz ibiltzeko eskatu ere. Eta besterik gabe, suziria aireratuta eta plaza bete duten ehunka herritarren txalo artean hasi dituzte aurtengo andremariak. 

Hona hemen festetako egitaraua oso-osorik: 

Abuztuak 14, osteguna, Andremari bezpera

  • 17:00. Haurrentzako parkea, Balda plazan.
  • 17:00. DJ Pintxada, txosnagunean: The Terror 4, Charles Ramirez, Andrew Car, Albi, Anthony Pern, Murxi eta Anti X.
  • 19:00. Artistas del Gremio musika taldearen kale ikuskizuna.
  • 19:50. Udalbatzari Parrokiara lagunduz, Alkate soinua joko du Txalkor txistulari taldeak.
  • 20:00. Iraurgi abesbatzak eta herritarrek Ignacio Busca Sagastizabalen Salbea eta Aita Nemesio Otañoren Ave Maria kantatuko dute Parrokian. Organoa joko du Jose Luis Frantsesenak.
  • 23:00. Süneren kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Abuztuak 15, ostirala, Andremari Eguna

  • 09:30. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kalejira.
  • 10:50. Udalbatzari Parrokiara lagunduz, Alkate soinua joko dute Musika Bandak eta Txalkor txistulari taldeak.
  • 11:00. Meza Nagusia, Parrokian. Parrokiako abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartuko dute.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien nahiz Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 13:00. Musika Bandaren eta Txalkor txistulari taldearen kontzertua, Kontzejupean.
  • 17:30. Caixabank Masters Txapelketako partidak, Gurea frontoian. Peña II.a eta Gabirondo Senarren eta Tolosaren aurka ariko dira, eta Altuna III.a eta Imaz Zabalaren eta Mariezkurrena II.aren kontra.
  • 17:30. Simuladoreak eta Txiki Chef, plazan.
  • 19:00. Magia poteoa.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: Iltze, Labankada, Ostikoka eta Derrumbe.
  • 19:30. Markeliñe konpainiaren Artilusio ikuskizuna, Balda plazan.
  • 20:00. Zubiberri gimnastika erritmikoko kideen erakustaldia, Parrokia aurrean.
  • 20:00. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 22:00. XIII. Film Laburren Lehiaketako emanaldia eta sari banaketa.
  • Ondoren, Hits Cover Banda taldearen kontzertua, plazan.

Abuztuak 16, zapatua, San Roke eguna

  • 09:30. Zubiondo taldeko gaiteroen kalejira.
  • 10:00. Txalkor txistulari taldekoen kalejira.
  • 10:50. Udal ordezkariak korporazioan joango dira Parrokiara, Txalkorreko kideek Alkate soinua jo bitartean.
  • 11:00. Meza Nagusia, Parrokian. Parrokiako abesbatzak, Iraurgi abesbatzak eta Jose Luis Frantsesena organistak parte hartuko dute.
  • 11:30. Erraldoien eta buruhandien kalejira.
  • 12:00. Graffiti eta DJ tailerrak txosnagunean.
  • 12:15. Udal ordezkarien ohiko aurreskua, plazan.
  • 13:00. Udal Musika Bandaren eta Zubiondo taldeko gaiteroen kontzertua, Kontzejupean.
  • 14:30. Bazkaria eta hitzaldia txosnagunean.
  • 17:00. Ur parkea, Balda plazan.
  • 17:00. Elkartasun argazkia txosnagunean.
  • 17:30. Gazte Asanbladaren karropoteoa txosnagunetik abiatuta.
  • 18:00. Udara Caixabank Txapelketako partidak, Gurea pilotalekuan. Aldaregia eta Agirre Oskozen eta Orbegozoren kontra ariko dira
  • 19:00. Euskorleans musika ikuskizuna, kalez kale.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: Xaribari, Hauek eta Txunba.
  • 19:00. Patxi eta Konpainiarekin muxikoak, eliz atarian.
  • 23:00. Suzko erroberak, Zaragozana etxearen eskutik.
  • 23:30. Merina Gris taldearen kontzertua, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.

Abuztuak 17, igandea, Baserritarren eguna

  • 09:30. 42. Inazio Iriarte margo lehiaketako zigilu banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 09:30. Herriko trikitilarien eta dultzaineroen kalejira.
  • 09:30. Gipuzkoako XIII. Blonda Txapelketa eta erakusketa, Plazaberrin.
  • Eguerdian, blonda hanburgesa dastaketa.
  • 11:00. Herriko trikitilari gazteen kalejira.
  • 12:00. Erraldoien eta buruhandien kalejira, Txalkor txistulari taldeak lagunduta.
  • 12:00. Herri kirol jaialdia, plazan. Norde, Goenatxo III.a, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza ariko dira harri jasotzen; aizkoran, berriz, Larrañaga, Corchero, Txikia IV.a eta Mugerza.
  • 12:30. Jubilatuen meza, Parrokian.
  • 14:30. Jubilatuen bazkaria, Elkargunean. Bazkal ostean, 90 urte betetzen dituzten herritarrak omenduko dituzte.
  • 16:00. Bizijolas, Gaztaneneako parke estalian.
  • 17:00. Mus Txapelketa txosnagunean.
  • 18:00. Bikote gazteen Dantza Txapelketa, Balda plazan.
  • 19:30. Inazio Iriarte mago lehiaketako sari banaketa, Portaleburu aretoan.
  • 22:00. Enaitz eta Erkiziren erromeria, Balda plazan.
  • 23:00. Suzko zezena, Balda plazan.
  • Ondoren, erromeriak segituko du.

Abuztuak 18, astelehena, Kuadrillen eguna

  • 11:00. XXII. Kaleko atletismo erakustaldia, Xeyeren eskutik.
  • 12:00. UK03 txaranga, kalez kale.
  • 12:30. Kuadrillen arteko jolasak txosnagunean.
  • 14:30. Herri bazkaria, plazan.
  • 16:30. Skapaie elektrotxaranga, kalez kale.
  • 17:30. Apar festa, Balda plazan.
  • 18:30. Zezena, Plazaberrin.
  • 19:00. Kontzertuak txosnagunean: 48280, Rungos, Check Boyz eta Ezohi.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • 21:30. Tapia eta Leturiaren kontzertua, plazan
  • Ondoren, suzko zezena, plazan.
  • 23:30. Sexubizi gune morea eta genero erasoen aurkako babes gunea, Parrokiaren atarian.
Abuztuak 19 eta 20, asteartea eta asteazkena

  • 22:00. XIII. Andremari Idi Dema Saria, Gurea frontoian.

  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide