Pilota eta bertsoa uztartuta, ibilbide berria hasi du Gureak

Ane Olaizola 2025ko uzt. 30a, 09:10

Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko bertso-pilota saioak hartu zuen Gurea udal pilotalekuaren kantxa atzo arratsaldean, Gurea pilotalekuak ibilbide berria hasi duela ospatzeko. Herritarrek harmailak bete zituzten, eta mokadua egin zuten gero. 

Gurea udal pilotalekuak ibilbide berria hasi du, azpiegituraren kudeaketa eskuz aldatuta, egunero zabalduko baitute frontoia haren arduradunek, taberna-jatetxea barne. Bide berria ospatzeko, irekiera festa egin zuten atzo arratsaldean pilotalekuan bertan, eta hain zuzen, esku pilota izan zen protagonista inaugurazioan, bertsoekin zein jan-edanarekin batera. Herritarrek, gainera, harrera beroa egin zioten festari, harmailak bete baitzituzten dozenaka haur eta helduk. 

Azkoitiarren eta azpeitiarren arteko bertso-pilota saioak hartu zuen kantxa 18:00etan, eta Azkoitia eta Egaña pilotari azkoitiarrak, eta Labaka eta Egiguren azpeitiarrak nor baino nor aritu ziren bikoteka. Tantoen artean, Eneritz Artetxe eta Jokin Sudupe Pio bertsolariek kantuz girotu zuten lagunarteko partida. Segidan, han bildutakoek sabela betetzeko aukera ere izan zuten, mokadua egin baitzuten Laja eta Lutxurdio trikitilariekin batera.

Egunero zabalik

Azken urteetan ez bezala, aurrerantzean egunero izango da zabalik Gurea pilotalekua, honako ordutegi honekin: astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara zein 16:30etik 22:00etara zabalduko dute, eta ostiraletan, ordutegi horretan baina 23:00ak arte izango dira pilotalekuko ateak zabalik; larunbatetan, berriz, egun osoan izango da irekita, 09:00etatik aurrera; eta igandeetan zein jaiegunetan goizez zabalduko dute, 09:00etatik 14:00etara bitartean.

Frontoia irekita dagoen ordutegi horretan, gainera, herritarrek aukera izango dute kantxa alokatu eta pilotan nahiz palaz jokatzeko, beti ere libre baldin badago. Kantxa alokatzeak hamar euro eta erdiko prezioa du, eta dutxa zerbitzuak, 2,60 eurokoa pertsonako. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide