Aurrekontu parte hartzaileetarako 700 proposamen baino gehiago egin dituzte herritarrek

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 18a, 08:51

Berme Batzordeko kideak, Elkargunean. (Udala)

Herritarrek egindako ekarpenak bideragarriak diren edo ez aztertuko dute orain udal teknikariek, eta ondoren, berme batzordeak erabakiko du zer proiektu eraman bozketara. Udazkenean irekiko du udalak hobetsitako azken proposamenak bozkatzeko epea. 

Azkoitiko Udalak maiatzaren amaieratik ekainaren 24ra izan zuen zabalik aurrekontu parte hartzaileetarako proposamenak egiteko epea, eta erakundeak atzo jakinarazi zuenez, 746 ekarpen egin dituzte herritarrek, nagusiki, mantentze lanei, kirol instalazioei, azpiegiturei, hiri altzariei eta kudeaketari lotutakoak izan dira.

Prozesuaren lehen fasea itxita, udazkenean irekiko du udalak hobetsitako proposamenak bozkatzeko epea. Aurrez, udaleko teknikariek "bideragarriak diren proposamenak sailkatu" egingo dituzte, horiek aurrekontuaren barruan sar daitezkeen kalkulatzeko, udalaren eskumenekoak diren egiaztatzeko eta gastu iraunkorrik sortzen duten edo ez aztertzeko. "Arrazoi horiengatik, proposamen bat, nahiz eta oso errepikatua izan, bozketatik kanpo gera daiteke irizpideak ez dituelako betetzen", azaldu du udalak.

Udal teknikariek egindako sailkapenaren ondoren, herritarrek osatutako berme batzordeak erabakiko du zer proiektu eraman bozketara. Gainera, batzorde horrek ezarritako irizpide jakin batzuen arabera hartuko dute erabakia, besteak beste, ahalik eta kostu txikienarekin onuradun gehien lortzea, kolektibo jakin bat indartzea eta irisgarritasuna bermatzea.

300.000 euro bideratuko ditu erakundeak aurrekontu parte hartzaileetara 2027. urtera bitartean; 50.000 euro erabiliko dituzte 18.000 eurotik beherako proiektu txikietarako, eta 250.000 euro aurrekontu handiagoko ekimen edo proiektuak gauzatzeko.

Proposamen egileen profilak

Erakundeak, gainera, prozesuan parte hartu duten parte hartzaileen zenbait datu ere eman ditu, hala nola generoari eta adinari lotutakoak. Bide batez, bere "esker ona" adierazi nahi izan die herritarrei erakundeak, egindako ekarpenen guztiengatik. Haren arabera, ikasleena izan da profilik proaktiboena; izan ere, banakako edo taldekako 308 iradokizun edo ideia jaso ditu udalak herriko ikastetxeetatik. Gainerako herritarren proposamenak parte hartzeko eskaini dituzten aurrez aurreko bideak edo kanal telematikoak erabilita jaso ditu erakundeak.

Esku-orrien bidez bildutako proposamen kopurua online aurkeztu direnena baino "zertxobait handiagoa" izan da udalaren esanetan. Proposamenak digitalki egin dituztenen artean, 118 emakumeak dira, 71 gizonezkoak, eta sei ez bitarrak. Paperezko euskarria erabili dutenen artean, berriz, 85 izan dira emakumeak, 66 gizonezkoak, eta 75ek ez dute generoa adierazi. Adinari dagokionez, bestalde, 31 eta 45 urte bitarteko herritarrak izan dira webgunearen bidez proposamen gehien egin dituztenak, eta 46 eta 65 urte artekoena izan da paperezko euskarria gehien erabili dutenen adin tartea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide