Azkoitiko Tta-kun areto futbol elkarteak antolatuta, IV. Beltzen Eguna ospatuko dute etzi, zapatua, Azkoitian. Urterik urte egitaraua zabaltzen ari dira antolatzaileak, eta aurtengorako ere ekintza ugari antolatu dituzte, goizean hasi eta ilundu bitartean gozatzeko.
Beltzen Egunari lotuta jokatu dute beste urte batez areto futboleko IV. Beltzen Torneoa. Aurreko urteetan, areto futbol txapelketa horren kokagune nagusia Elkarguneko barruko kantxa izan da, baina, aurten, Oteiza frontoietako bote luzeko frontoian izango da festa. 10:00etan hasiko da han mugimendua han, umeentzako antolatu dituzten jolasekin. Eguerdira bitartean, areto futbol txapelketako azken partidak jokatuko dituzte: 10:45ean, zaleen finala eta entrenatzailearen saria jokatuko dituzte, eta hura amaitu orduko, 11:30ean, aurtengo txapelketako final nagusia lehiatuko dute bi taldek. Hain justu, txapelketa final laurdenetan murgilduta dago orain, eta datozen orduetan ebatziko dira bi finalisten izenak.
Musikak ere presentzia handia izango du Beltzen Egunean. 12:30ean, Eibarko (Gipuzkoa) Latuna Bando txarangak Alde Zaharreko kaleak girotuko ditu, Plazaberritik hasita. 14:30ean, bestalde, bazkaria egingo dute areto futbol txapelketan parte hartu duten taldeetako ordezkari guztiek; jendetza espero da bertan, zortzi lagunez osatutako 33 taldek parte hartu dute-eta torneoan. Bazkalostean lehiak eta demak albo batera utzi, eta festan murgilduko dira bete betean. 17:00etan, aurrena, txapelketako sariak banatuko dituzte, hala nola jokalari onenen, goleatzaile nagusiak, gol onena lortu duen jokalaria eta entrenatzaile onena sarituko dituzte oroigarriekin. Ondoren, 17:30ean, Kanpax DJaren emanaldia izango da frontoietan, eta 19:00etan, Skapaie elektrotxarangak lagunduta, Oteiza frontoietatik Alde Zaharrera joango dira kalejiran.
Txapelketa jendetsua
Uztailean sartzearekin bat hasi zuten IV. Beltzen Torneoa. Parte hartze datuak igota ekin zioten lehiari, gainera; iaz baino hiru talde gehiagok parte hartu dute txapelketan –33 talde–. Hori horrela, aurre-kanporaketa bat jokatu eta gero abiatu zuten txapelketa final hamaseirenetan. Orduz geroztik, pixkanaka-pixkanaka taldeak murrizten joan dira; izan ere, kanporaketa sisteman jokatu dute torneoa. Zaleek ere erantzun egin dute beste urte batez, Elkargunean jokatutako partidetan harmailak bete egin baitituzte herritarrek ia egunero.
Hamabi minutuko bi zati dituzte partidek. Areto futboleko arau arruntekin ari dira jokatzen txapelketa, baina jolas itxurako berrikuntza batzuk ere txertatu dituzte antolatzaileek. Hain justu, lehen zatiaren aurreneko minutu eta erdiari eragin dio berrikuntzak: aurreneko 30 segundoetan talde bakoitzeko atezainak eta taldekide batek hasten dituzte partidak; ondorengo 30 segundoetan talde bakoitzeko kide bat gehiago sartu ohi da jokora, eta hurrengo 30 segundoetan, beste kide bana. Minutu eta erdia igaro arte, atezainak ezin du bere areatik atera, eta, era berean, epemuga hori igarotakoan hasi ohi dira bi taldeak bost bosten aurka lehiatzen. Gainera, baloia lehen 30 segundoetan kanpora ateratzen den bakoitzean, jokoa atetik hasi behar izan dute baloiaren jabetza duen taldeek. Lehia bai, baina jolas eran sustatzen dute Tta-kun taldekoek Beltzen torneoa.
Hona hemen zapatuko egitaraua:
- 10:00. Umeentzako jolasak, Oteiza frontoietan.
- 10:45. Zaleen finala eta entrenatzailearen saria, Oteiza frontoietan.
- 11:30. IV. Beltzen Torneoko finala, Oteiza frontoietan.
- 12:30. Latuna Bando txaranga, Plazaberritik hasita.
- 14.30. Bazkaria, Oteiza frontoietan.
- 17:00. Sari banaketa ekitaldia, Oteiza frontoietan.
- 17:30. Kanpax DJa, Oteiza frontoietan.
- 19:00. Skapaie elektrotxaranga, Oteiza frontoietan hasita.