Zabalik da merkataritza lokal hutsak alokatzeko diru laguntzak eskatzeko epea

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 14a, 10:21

Kale Nagusia. (Andoni Elduaien)

Diru laguntzak negozio jarduerari ekin eta aurreneko bi urtetan emango ditu udalak. Eskaerak aurkezteko epea 2025eko abenduaren 1ean amaituko da. Udalaren webgunean edo udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan egin daiteke eskaera.

Merkataritza lokal hutsak alokatzeko diru laguntzak emango ditu beste urte batez udalak. Erakundeak berriro atera ditu laguntzak, merkataritza lokal hutsak ekintzaile berrien negozioen bidez "berreskuratzeko" eta "saltoki txikiak sustatzeko".

Diru laguntzak negozio jarduerari ekin eta aurreneko bi urtetan emango ditu udalak, betiere lokalaren alokairura bideratuta. Bi urteko epe horretan, diru laguntzaren zenbatekoa alokairuaren hileko prezioaren %50 izango da, gehienez 250 euro hilean. Gainera, belaunaldi erreleboa eman den kasuetan, merkatari berriak ere onuradunak izan daitezkeela zehaztu du erakundeak. 

Udalak 30.000 euroko kreditu erreserba du laguntza horiek emateko. 2019. urtean hasi ziren halako diru laguntzak ematen, eta ordutik 27 establezimendu izan dira onuradunak. Erakundeak emandako datuen arabera, saltoki kopurua urtez urte ari da aldatzen. 2022an, zazpi saltokik jaso zuten laguntza, 2023an, hiruk, eta iaz, zazpik.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago eta 2025eko abenduaren 1ean amaituko da. Eskaerak udalaren webgunearen bidez egin daitezke, izapideen atalean sartuta. Dena den, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan ere badago horretarako aukera, eskaera aurrez aurre egin nahi dutenentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide