Atzo, igandea, bost pertsona intoxikatu ziren Azkoitiko Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetan, hango igerileku handiko uretan kloro ihes bat gertatu eta gero; hiru pertsona Donostia ospitalera eraman zituzten, eta beste bi lagun, Zumarragakora. Udalaren arabera, intoxikatutako bost lagunetatik lauk medikuaren alta agiria jaso dute gaur, eta ordu honetan, haur bat ospitaleko behaketa gelan dago, alta noiz emango zain. Udalak esandakoaren arabera, azken hori bihar arte ospitalean edukiko dute han.
Hain justu, erakundeak esan du Ana Azkoitia herriko alkateak intoxikatutakoen gurasoekin hitz egin duela azken orduetan. "Gaur goizean ospitaleratu zituzten haurren eta gaztearen gurasoekin hitz egin dut, eta ondo daudela berretsi didate, nahiz eta inork ez dien pasatutako sustoa kenduko. Zorionez, gertaera ez da gehiagora iritsi. Sentitzen dugu gertatutakoa, eta lanean jarraituko dugu berriro gerta ez dadin", adierazi du alkateak.
16:00ak pasatxo zirenean jazo zen ezbeharra atzo. Beharginen arabera, "gas zuri itxurako zerbait" ikusi zuten igerilekuaren izkina batean, eta une horretan igerilekuan zeuden hamar bat pertsona, gehienak umeak, ondoezik sentitzen hasi ziren. Horren eraginez, igerilekua hustu egin zuten sorosleek, eta minutu gutxira itxi egin zituzten azpiegitura guztiak.
Gaur normaltasunez ireki dituzte berriro instalazioak, kloroa dosifikatzen duen motorrak izandako akats teknikoa konpondu eta uraren kalitatea "ona" dela baieztatu ondoren. Igerilekuak kudeatzen dituen Masquatro enpresak klorifikazio motorrak huts egin izanaren "kausa argitzeko lanean" jarraitzen duela azaldu du udalak.