Hainbat pertsona intoxikatu dira Ugarteigarango igerilekuan, ustez kloro ihes bat tarteko

Ane Olaizola 2025ko uzt. 13a, 17:37

Suhiltzaileak igerilekuen kanpoaldean. (Ane Olaizola)

Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak hustu eta itxi egin dituzte gaur arratsaldean, lehen zantzuen arabera, kloro ihesa gertatu delako. Bost pertsona ospitaleratu dituzte; lau umeak dira.

Ugarteigarango estali gabeko igerilekuak hustu eta itxi egin dituzte gaur arratsaldean, ustez kloro ihes bat gertatu delako. Hango langileek Gukari jakinarazi diotenez, 16:00ak pasatxo zirenean gertatu da ezbeharra igerileku handian, eta ondorioz, hainbat pertsona intoxikatu dira. Udaltzaingoak azaldu duenez, hiru pertsona Donostia ospitalera eraman dituzte, eta bi Zumarragakora. Horietatik lau umeak dira, eta udalaren esanetan "arriskutik kanpo" daude guztiak. 

Beharginen arabera, "gas zuri itxurako zerbait" ikusi dute igerilekuaren izkina batean, eta une horretan igerilekuan zeuden hamar bat pertsona, gehienak umeak, ondoezik sentitzen hasi dira. Horren eraginez, igerilekua hustu egin dute sorosleek, eta minutu gutxira itxi egin dituzte azpiegitura guztiak. 

Suhiltzaileak zein anbulantziak bertaratu dira Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetara, eta osasun langileek intoxikatutako pertsonak artatu dituzte. Udalak ohar bidez azaldu duenez, "itxura guztien arabera" kloroa dosifikatzen duen motorrak izandako akats teknikoak eragin du kloro ihesa. Dena den, "ikerketa sakonagoa" egiten ari dira istripua zerk eragin duen argitzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide