Orion ehiza eta arrantza elkarteak antolatuta, plater tiraketa txapelketa jokatuko dute bihar, zapatua, Izarre Jandaloko tiro eremuan. Gipuzkoako III. Kopa txapelketa jokatuko dute han, robot-hobi txikia izeneko modalitatean. Antolatzaileek azaldu dutenez, Gipuzkoako hainbat herritako 40 bat lagunek parte hartuko dute lehian.
Entrenamendu ofizialak 09:00etan hasiko dituzte, eta 12:00etara arte luzatuko dira; izan ere, eguerdian hasiko dute txapelketa. 12:00etatik 13:00etara ariko dira plater tiratzaileak lehian goizez, eta arratsaldean, 16:00etatik 17:30era bitartean. Biharko prestatutako plater guztiak agortzean, sari banaketa ekitaldia egingo dute tiro eremuan bertan.
Duela hamarkada batzuk Azkoitiko Izarre Jandaloko tiro eremuak izan zuen ospea nabarmendu nahi izan dute Orion elkarteko kideek. "80ko eta 90eko hamarkadetan Europako tiro eremu ospetsuenetakoa zuen Azkoitiak; Europako hirugarren eremu onena ere izendatu zuten gune hori. Besteak beste, Europako nahiz Espainiako Txapelketak jokatzen diren bertan; plater tiraketa ospetsuak izaten ziren herrian", adierazi dute.
Orionekoek garai bateko sen horri eutsi nahi diote; hori da duten helburu nagusia. "Elkarteak garai bateko martxa hura galdu nahi ez izateak bultzatzen gaitu gaur egun txapelketa hauek antolatzera". Elkarte "txikia" izan arren, "lantalde oso polita" dutela azaldu dute haiek, eta bide batez, eskerrak eman nahi izan dizkiete kide guztiei halako egunak antolatzeko egiten duten lanagatik.
Era berean, arrantzako sailean harrobiko kideak erakusten ari diren sendotasuna nabarmendu nahi izan dute elkartekoek. Horren adibide da, esaterako, Aimar Ansola arrantzalearen kasua; hark, aurten, hirugarren urtez jarraian parte hartuko du Munduko Arrantza Txapelketan. Hain justu, bihartik hilaren 19ra bitartean AEBetako Idaho Falls eta Snake River inguruetan jokatuko den lehian arituko da Orioneko kidea.