Manex Ansorregik 2027ra arte berritu du Inveready Gipuzkoa Basketekin zuen kontratua

Andoni Elduaien 2025ko eka. 30a, 13:19

Manex Ansorregi jokalari azkoitiarra. (Gipuzkoa Basket)

2027ra arte Donostiako taldean ariko da azkoitiarra. Hirugarren denboraldia egingo du datorren sasoian talde horretan. Inveready Gipuzkoa Basketek "estrategikotzat" jo du azkoitiarraren kontratu berritzea.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalariak Inveready Gipuzkoa Basketen jokatuko du datozen bi denboraldietan. Azkoitiarrak 2027ra arte berritu du Donostiako taldearekin zuen kontratua; alegia, 2026ra arte zuen lotura beste urte batez luzatu du Ansorregik. Hori hala, azkoitiarrak hirugarren denboraldia osatuko du datorren sasoian Donostiako taldean.

Ansorregi 2023ko uztailean iritsi zen Gipuzkoa Basket taldera Azkoiti-Azpeitiko ISBren lehen taldean hiru sasoi egin eta gero. Harrezkero, bi denboralditan 75 partida jokatu ditu hark talde horrekin Lehen FEB Ligan. Gipuzkoa Basketen iritziz, "Gipuzkoako saskibaloian etorkizun handiena duen jokalarietako baten jarraipena ziurtatu" du klubak. "Berritze estrategikoa da, klubak bere jarraipena bermatzeko egindako ahaleginaren emaitza. Konpromiso hori Ansorregik hartu du; izan ere, nahiz eta beste klub batzuen proposamenak jaso, hark Gipuzkoa Basketen hazten jarraitzeko apustua egin du", adierazi du klubak ohar bidez.

Halaber, Inveready Gipuzkoa Basketek "oso balorazio positiboa" egin du jokalariak Donostiako taldean jarraitzeko hartu duen erabakiaz. "Proiektuarekin duen inplikazioa eta taldearekin zein zaleekin duen konpromisoa islatzen du", azaldu du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide