33 taldek parte hartuko dute IV. Beltzen Torneoan

Andoni Elduaien 2025ko eka. 27a, 15:03

Bi partaide, iaz, Elkargunean. (Intza Trula)

Iaz baino hiru talde gehiagok eman dute izena aurtengo txapelketarako. Asteartean hasiko dute txapelketa, final hamaseirenetako koadroa osatu ahal izateko aurre kanporaketa partida batekin. Ostegunetik aurrera, berriz, final hamaseirenetako kanporaketak jokatuko dituzte. Uztailaren 19an ospatuko du Tta-kun areto futbol taldeak IV. Beltzen Eguna, eta egun horretan bertan jokatuko dituzte txapelketako finalak, aurten, Oteiza frontoietan.

Datorren asteartean, uztailak 1, hasiko dute Tta-kun areto futbol taldeak antolatzen duen IV. Beltzen Torneoa. Aurten, 33 taldek eman dute izena lehian, iaz baino hiru gehiagok. Datorren astean hasita, Elkarguneko kantxa nagusian jokatuko dituzte areto futbol partida guztiak uztailaren 19ra bitartean; hain zuzen, egun horretan bertan ospatuko du areto futbol taldeak IV. Beltzen Eguna.

Txapelketaren aurreneko bi aldietan partidak taldekako multzoetan banatuta jokatu bazituzten ere, iaz bezala, aurten ere kanporaketa sistemarekin jokatuko dute txapelketa. Datorren asteartean, hain justu, final hamaseirenetako koadroa osatu ahal izateko aurre kanporaketa jokatuko dut bi taldek, eta partida horretako irabazlearekin, 32 taldeko koadroan hasiko dute lehia.

Hamabi minutuko bi zati izango dituzte partidek. Areto futboleko arau arruntekin jokatuko dute txapelketa, baina antolatzaileek jakinarazi dute jolas itxurako berrikuntza batzuk ere txertatuko dituztela. Hain justu, aurreneko zatiaren lehen minutu eta erdiari eragingo dio berrikuntzak; izan ere, aurreneko 30 segundoetan talde bakoitzeko atezainak eta taldekide batek hasiko dute partida; ondorengo 30 segundoetan talde bakoitzeko kide bat gehiago sartuko da jokora, eta hurrengo 30 segundoetan, beste kide bana. Minutu eta erdia igaro arte, atezainak ezingo du bere areatik atera, eta, era berean, epemuga hori igarotakoan hasiko dira bi taldeak bost bosten aurka lehiatzen. Gainera, baloia lehen 30 segundoetan kanpora ateratzen den bakoitzean, atetik hasi beharko du jokoa baloiaren jabetza duen taldeak.

Txapelketan aritzeko izena eman duten 33 taldeak mistoak dira; alegia, gutxienez bi mutil edota bi neska daude zortzi jokalariz osatutako talde bakoitzean. Horrez gain, talde bakoitzak bere entrenatzailea ere izendatu behar izan du. Txapelketako finalak uztailaren 19an, larunbatez, jokatuko dituzte, baina antolatzaileek adierazi dute aurten ez dituztela Elkargunean jokatuko, hango kantxa nagusian beste kirol hitzordu batzuk baitaude egun horretan. Hori horrela, aurten lekuz aldatuko dute finalaren eguneko eszenatokia: Oteiza frontoietako bote luzeko pilotalekuan jokatuko dute finala, eta leku berean egingo dute Beltzen Eguneko bazkari herrikoia. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide