Azkoitiko Kriket Txapelketa jokatu dute asteburuan Azkoitia eta Azpeitia artean. Pakistandarren komunitateko 21 taldek neurtu dituzte indarrak bi egunetan. Zapatuan, Azpeitiko Goenako berdegunean jokatu zituzten partidak iluntzera bitartean, eta atzo, igandea, Azkoitiko Oteiza frontoietan aritu ziren finalerdiak eta finala jokatzen. Bartzelonako talde batek irabazi du txapelketa, eta herriko taldea izan da txapeldunordea.
Igor Isuskiza udaleko Kirol zinegotziaren eskutik jaso zituzten sariak lehen bi talde horietako ordezkariek. Bartzelonakoek garaikurra eta 1.300 euro irabazi zituzten, eta txapeldunordeek, 700 euro. Nolanahi ere, jaurtitzaile onenaren eta bateatzaile onenaren sariak ere banatu zituzten; Azkoitiko Imaz Liagat izendatu zuten jaurtitzaile onena, eta Zumarragako (Gipuzkoa) Usman Ali bateatzaile onena.
Azkoitiko, Azpeitiko, Zumarragako, Eibarko (Gipuzkoa), Donostiako eta Gasteizko taldeak izan dira batzuk, baina baita Espainiako eta Herrialde Katalanetakoak ere besteak.