Hogei taldek parte hartuko dute 43. Azkoitia Hiria Xake Txapelketan

Nerea Uranga 2025ko eka. 22a, 11:29

Azkoitia Hiria Xake Txapelketako aurreko edizioko une bat. (Anaitasuna-Kakute xake kluba)

Gaur zortzi, ekainaren 29an jokatuko dute xake txapelketa, Kontzejupean. Era berean, Joxe Azkueren Oroimenezko 14. xake txapelketa ere izango da.

Azkoitia Hiria Xake Txapelketaren 43. edizioa eta Joxe Azkueren Oroimenezkoaren 14.a jokatuko dira ekainaren 29an, 10:00etan hasita, Kontzejupean. Azkoitiko Anaitasuna-Kakute xake klubak antolatutako txapelketa da, Azkoitiko Udalaren babesarekin.

Anaitasuna-Kakute xake klubak azaldu duenez, hogei talde ariko dira nor baino nor txapelketan: Martintxo (Araba), Liendo (Kantabria, Espainia), BIzkaiako Barakaldo, Jokin Erdotzia, Santurtzi, Zaldi Baltza eta Zornotza, Gipuzkoako Villabona, Beraun Bera, Eibar, Gros, Hondarribia-Marlaxka, Neskak eta Xaputarrak eta Anaitasuna-Kakute taldeko A, B, C, D, E eta Anaineskak taldeak.

Talde guztiak hiru jokalarikoak dira, eta blitz erritmoan ariko dira, "xakelarien eta ikusleen gozamenerako", azaldu du Anaitasuna-Kakute xake klubak. Mikel Almansa ariko da txapelketan epaile.

Joxe Azkue zena ere omenduko dute datorren igandeko xake jardunaldian. "Hura oso harro egongo litzateke xake klubeko gazteenen arrakastarekin eta bilakaerarekin", esan dute Anaitasuna-Kakutekoek.

Bestalde, uztailaren 20an, Xakearen Nazioarteko Egunean, Anai Blitzen 29. edizioa jokatuko dute. Suitzar sisteman, zazpi txandatan, 3+2” ko erritmoan ariko dira xakelariak. Jardunaldi horretan,  Azkoitiko xake klubeko bazkideek, laguntzaileek eta Anai Xake Eskolakoek parte hartuko dute. Segidan, bazkaria egingo dute klubeko bazkideek, "urte arrakastatsua" ospatzeko.

San Andres Torneorako izen ematea irekita

Halaber, jakinarazi dute azaroaren 29an (larunbata) Azkoitiko Elkargunean jokatuko den 30. San Andres Torneoaren izen ematea ireki dutela. Iaz parte hartzaile kopuruaren errekorra hautsi zuten, eta hori gainditzeko ahalegina egingo dute aurten Anaitasuna-Kakute xake klubekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide