Bihar jokatuko dituzte Azkoitiko Opena tenis txapelketako finalak

Andoni Elduaien 2025ko eka. 20a, 08:55

Txerloiako GarbiƱe Muguruza tenis pistak. (Udala)

09:30ean hasiko dituzte finalak Garbiñe Muguruza tenis pistetan. Guztira, lau final jokatuko dituzte, Txerloia tenis klubak banatutako lau kategoriatan. 

Bihar, zapatua, Azkoitiko Opena tenis txapelketako finalak jokatuko dituzte Txerloiako Garbiñe Muguruza tenis pistetan. 09:30ean hasita, guztira, lau partida jokatuko dituzte han; izan ere, txapelketaren antolatzailea den Txerloia tenis klubak lau mailatan aritzeko aukera eskaini die parte hartzaileei.

Emakumeen brontze mailan, Naia Aranbarrik eta June Ulaziak neurtuko dituzte indarrak; brontze mistoaren mailan, Alonso Benavides eta Aritz Alberdi ariko dira nor baino nor gehiago; zilar mistoaren mailan, Hodei Ulaziak eta Agustin Quintanak izango dute dema, eta azkenik, urre mistoaren mailan, Jon Orbegozok eta Unai Alkortak jokatuko dute finala.

Txapelketa maiatzaren 12an, astelehenez, abiatu zuten, eta ekainaren 1era bitartean ligaxkako partidak jokatu zituzten. Ekainaren 2tik 8ra bitartean, berriz, final laurdenetako kanporaketak lehiatu zituzten, eta joan den astean jokatutako finalerdietan ebatzi zituzten finalistak. Final guztiak jokatutakoan sari banaketa egingo dute pistan bertan, eta parte hartzaileen artean teniseko materiala zozkatuko dute. Gainera, bazkaria eginda borobilduko dute eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide