Ekida arte ekimen sozialistak Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlanaren ikasturteko azken emanaldia eskainiko du bihar, ostirala, Baztartxo antzokian (19:00). Gabriel Aresti idazlearen heriotzaren 50. urteurrena dela eta, haren figura oinarri hartutako obra gauzatu du taldeak, antzerkia eta musika uztartuta. Izan ere, Arestiren obra idatziaz gain, haren poesian oinarritutako kantu tradizioaren berrikuspena egin dute sortzaileek.
Obraren bidez, Arestiren figura taularatuko dute Baztartxon, poetaren obra eta bizitza oinarri hartuta. Ez, ordea, iraganari begiratzeko; Arestiren figura etorkizunaren aurrean jarriko dute Ekidakoek. Gainera, arte ekimen sozialistak adierazi du obra ez dela Arestiri egindako "memoria bidezko omenaldi" bat, hark "gaurkorako eta biharkorako duen balioa" azpimarratzeko, baizik.
Antzezlana ikusteko sarrera doakoa da, baina emanaldirako txartelak Entradium atarian hartu beharko dira aurrez. Dagoeneko gutxi batzuk baino ez dira gelditzen.